Hezkuntza Departamentuak Oronozko Lanbide Eskola berria eraikitzeko obrak esleitu ditu

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 18a

Oronozko LHko ikastetxe berriaren alegiazko itxura.

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak 21,9 milioi eurotan (BEZa barne) esleitu du Oronozko Lanbide Eskola berriaren obra. Lanak 2026ko urtarrileko lehen asteetan hastea aurreikusi dute eta 30 hilabeteko epea markatu die Construcciones Mariezcurrena SL eta Excavaciones Fermín Oses SL enpresek osatutako UTE Oronoz aldi baterako enpresa elkarteari.

Oronoz-Mugairiko Lanbide Heziketako ikastetxe berri honekin, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hezkuntza eskaintza bateratu nahi da

Hezkuntza Departamentuak jakitera eman duenez, 13 heziketa ziklo presentzialek osatuko dute Oronozko LHko zentro berriaren eskaintza. Eskaintza hori Baztan-Bidasoko udalek eta ikastetxeek egindako proposamenean oinarritzen da. Proposamen hori eskualdeko hezkuntza komunitatearekin eta toki entitateekin adostu zen.

2024ko martxoan, Hezkuntza Departamentuko Kontratazio Mahaiak proiektuaren lehen lizitazio bat hutsik utzi zuen, ikastetxe berria eraikitzeko eskaintzarik aurkeztu ez zelako. Ikastetxe berriak 7.400 metro koadro inguruko azalera izanen du.

Prestakuntza eskaintza

Oronoz-Mugairi LHko ikastetxe berriak honako ziklo hauek izanen ditu:

  • Lanbide Heziketa Bereziko ziklo bat (Ostatu eta Garbiketa Laguntzailea)
  • Oinarrizko LHko bi ziklo (Bulegoko Informatika eta Metalezko Elementuen Fabrikazioa)
  • Erdi Mailako bortz ziklo (Administrazio Kudeaketa, Mantentze Elektromekanikoa, Erizaintzako Zaintza Osagarriak, Mekanizazioa eta Nekazaritza Ekologikoko Produkzioa)
  • Goi Mailako lau ziklo (Administrazioa eta Finantzak, Industria Mekatronika, Gizarteratzea eta Zuzendaritzari Laguntzea).

Euskara hutsean emanen dira guztiak. Goizez emanen dira ahal diren gradu guztiak, espazioen erabilgarritasunaren eta matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera.

Ingurune naturaleko eta astialdiko erdi mailako gidariaren prestakuntza zikloa Lekaroz BHIn eskainiko da. Horretarako, behar diren egokitzapen guztiak eginen dituzte, eta esku hartzeak zentro berria abian jartzen den unera egokituko dira. Basogintzako eta natura inguruneko kudeaketako goi mailako graduari dagokionez, Nekazaritza ekologikoko erdi mailako prestakuntza zikloaren lehen promozioa akitu ondotik ezarriko da, «eskualdeko hezkuntza, lan eta gizarte beharrek hala justifikatzen badute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun