Hilabete hasieran Elizondon harrera zentro bat ireki zuten eta lehen momentutik gure inguruan ideia erreakzionariak zabaltzen hasi ziren. Horren harira, beharrezkoa ikusten dugu gizarteko sektore zaurgarrienak dagokien testuinguru soziopolitikoaren baitan kokatzea. Bertzela, ideia arrazista, erreakzionario eta sinplistetan erortzeko arrisku handia dago.
Krisi kapitalistak eragin zuzena du langileariaren pobretze prozesuan eta ordena sozial kapitalistari eusteko helburuarekin, gero eta gogorragoak dira langile klasearen aurkako neurriak. Testuinguru honetan, sektore migratzaileen aurkako kriminalizazio kanpainak gora egin du azken urteetan eta, zabaltzen diren ideiek irtenbide bat aurkitu beharrean, langile klasearen arteko banaketan eta sektore zapalduen bazterketan sakondu bertzerik ez dute egiten.
Argi eduki behar dugu arazoaren jatorria ez dagoela harrera zentroetan dauden gazteetan, baizik eta migratzera behartzen dituzten kausetan: herrialde inperialistek aberastasuna metatuz periferiako herrialdeetan sortzen duten miseria, gerra edota krisi ekologikoak eragindako desegonkortasun sozialean.
Honen aurrean, eragile politiko zein komunikabide eskuindarrek harrera zentroak gatazka iturri gisa seinalatu dituzte, eta modu interesatuan ideia erreakzionario eta arrazistak hauspotu. Estrategia honen helburua argia da: pertsona arrazializatuak seinalatuz krisiaren erroa desbideratzea, klase etsaitasuna sustatzea eta bitartean eskubide politikoak suntsitzea.
Krisi sakonean dagoen sistema kapitalistak eta mendebaldeko blokeko estatuen gainbeherak baldintzak sortzen dituzte ideia erreakzionarioak erreproduzitzeko. Testuinguru kezkagarri honetan, ideia erreakzionario horiei aurre egiteko bidea borroka politiko eta kulturala da.
Horregatik, ideia erreakzionarioei aitzin egin behar diegu, langile klasearen batasuna ardatz izanik. Bertzela, migratu gazteen aurkako zapalkuntza eta gorrotoak bere horretan jarraitu du.