Ilbeltzaren 19tik 25era eginen dute (H)ilbeltza

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 16a

(H)ilbeltzako antolatzaileak 12. edizioko kartela erakusten.

Nobela beltzaren zaleen artean agendan ongi apuntatutako hitzordua izaten da (H)ilbeltza Baztango Nobela Beltzaren Astea. Heldu den hilabetean eginen dute hamabigarren edizioa, 19tik 25era. 

Antolatzaileek azaldu dute ohiko egitura klasikoarekin segituko dutela, eta hala, astelehenean, asteazkenean eta asteburuan eginen dituztela ekitaldiak.  «Nobela beltz edo belztasunarekin harremana duen literatura dezente izan da aurten eta guk horren lagina ekarriko dugu». 

Egitarauaren lehen xehetasunak aletu dituzte: ilbeltzaren 19an, astelehena, Guillem liburuaren kontu arituko dira Amaia Apaulaza itzultzailearekin; asteazkenean, hilaren 21ean, Ernesto Praten Muga hautsien hegalak liburua izanen dute mintzagai eta larunbatean, berriz, Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa, Amaiur Epherren Haize beltza eta Iñaki Dorronsororen Azpijokoa Azpiazun landuko dute. 

Liburu horiez gain, mahai ingurua, susmagarrien gaua, itzuli beltza eta antzerkia ere izanen dira hamabigarren edizioan, baina, aitzinerago jakinaraziko dituzte xehetasunak.

Oraingoz, ilbeltzaren 24ko bazkarirako txartela lortzeko aukera ireki dute. Helbide honetarat eskribituz lortu daitezke: ilbeltzabaztanen@gmail.com

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun