Navarra Rehabilita programaren baitan; Biziberri, etxebizitzen zaharberritzea bultzatzea helburu duen egitasmoa, martxan dago Elizondon eta zenbait etxe zaharberritu dituzte azken aldian. Hala, asteazkenean programaren bidez egin diren zaharberritze lanak hurbiletik ezagutzeko, Begoña Alfaro hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak Elizondon egin zuen geldialdia. Bide batez, birgaitze lanak bisitatu zituzten eta ibilaldian Alfarorekin batera; Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Javier Buron Nasuvinsako kudeatzaileak eta prozesu osoan zehar komunitateei laguntza eskaini dieten arduradunek parte hartu zuten.
Biziberri programari esker, lau etxetan egin dituzte birgaitze lanak Elizondon; Santiago Karrikako 47an, Mendinuetako 3an eta Giltxaurdiko 48an eta 23an
Lau etxe zaharberrituak eta 40 familia lagunduak
Biziberri programari esker, lau etxetan egin dituzte birgaitze lanak Elizondon; Santiago Karrikako 47an, Mendinuetako 3an eta Giltxaurdiko 48an eta 23an. Santiago Karrikako 47an, zuzendaritza teknikoaz Arteka Arquitectos eta Laborra Arquitectos enpresak arduratu dira, eta obra Miguelenek egin du. Mendinuetako 3an, proiektua baita Arteka eta Laborra enpresak egin du eta obra, aldiz, AICOk. Bertzetik, Giltxaurdiko 48 eraikinean lan teknikoaz DOARQ arduratu da, eta eraikuntza enpresa arduraduna Suteia-Sacovi izan da. Azkenik, Giltxaurdiko 23an proiektua Alejandro Martin arkitektoak egin du eta obra Joxemi Bengotxeak.
Horrela, denetara 40 familia lagundu dituzte; «gastu energetikoa murriztuz, etxeetako segurtasuna eta irisgarritasuna handituz, eta, bide batez, eguneroko erosotasuna hobetuz». Halabeharrez, emaitzak ikusita, Alfarok egindako lanak goraipatu ditu: «Elizondok argi eta garbi erakusten du administrazioen, enpresen eta herritarren arteko lankidetzak bizitoki eredu iraunkorrago, irisgarriago eta eraginkorrago bat lortzeko bidean aurrera egiteko aukera ematen duela. Birgaitze horitako bakoitzaren bidez, familien bizi kalitatea hobetzeaz gain, energia modu arduratsuagoan erabiltzea ahalbidetzen baitu».