Eguberriak

«Saltzeko gaude, baina nola jantzi erakusteko ere bai»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 14a

Maider Sobrino Elizondoko Fantxike dendan.

Euskal jantziak armairutik atera eta soinean janzteko sasoia izaten dira eguberriak. Non erosi daitezke jantzi horiek ordea? Eta nola jantzi daiteke egoki? Inguruan euskal jantziak saltzen dituzten hiru lagunekin mintzatu da TTIPI-TTAPA gaiari buruz. 

Maider SOBRINO, Elizondoko Fantxike denda

100 urte inguru ditu Elizondoko Fantxikek, eta badira 40 urte inguru euskal jantziak ere saltzen dituztela. «Familia guzia beztitzen dut, haurrak eta helduak, eta zortez, bi garaitan saltzen dut: Eguberrietarako eta Baztandarren Biltzarrerako», azaldu du Maider Sobrino dendako arduradunak. «Gure inguruan jantzi ilunak dira gehien saltzen direnak». Hala dio Sobrinok. «Badago oraindik jendea pentsatzen duena beltza puntu zuriekin dela tradizionala dena».

Iluna da Baztanen nagusi, eta horietan grisa kolore izarra: «Grisa, grisa beltzarekin konbinatuta, granatea... jendea ez da sobera ausartzen bertze kolore batzuekin. Grisa da gehien saltzen dena». Hala ere, tendentzia gero eta kolore biziagoetara aldatzen ari dela dio. «Hemen ere poliki-poliki ari gara aldatzen».

Gonaren arrimuan, jantzi osoa

Bi garaitan saltzen dute: Eguberrietan eta udan Baztandarren Biltzarrerako, baina «fuerteena udakoa» izaten da. Hori horrela,  euskal jantzietan jantzirik «arinenak» dira dendan saltzen dituenak.  «Haurrei arropa ttikitzen zaienean erosten diete, eta helduen kasuan, behin arropa duzuenean bizitza guztia irauten du, eta aldatzen bada kapritxoagatik izaten da».

«Gure inguruan jantzi ilunak dira gehien saltzen direnak»

Gonetan sumatu du aldaketarik handiena, gaur egun saltzen direnak «aunitzez ere ponpoxoagoak» direlako: «Gonaren forma politagoa da, eta jendeak horrelako bat nahi izaten du». Gonaren arrimuan, aunitzek «jantzi osoa» aldatzen dute: «Jendea modernizatzeko etortzen da, eta azkenean pentsatzen dutena baino kolore grisagoa erosten dute, baina gonaren forma aldatzen dute». Hala ere, normalki jendeak jantzia piezaka erosten duela azpimarratu du.

Akatsik ohikoenak

Euskal jantzia janzterakoan bi akats nagusi ikusten ditu Sobrinok. Lehenengoa, buruan zapi arras jende gutik janzten duela: «Jendeak ez daki nola jantzi, eta gainera jendeak ez du bere burua buruan zapi batekin ikusten. Ongi janzten direnen artean ere, hori izaten da akatsik handiena». Eta bigarrena, udan, Baztandarren Biltzarrean gazteek gona kamisetarekin janzten dutela alkandorarekin jantzi beharrean. «Baztandarren Biltzarrean besta giroa izaten da, beroa, besta, eta gazteei kostatzen zaie beren burua horrelako jantzi batekin ikustea». Izan ere, argi dio: «Munduko jantzirik politena da, baina ez da hobekien gelditzen dena». Hala ere, adinean goiti egin ahala, gona bakarrik janzten duten horiek traje osoaren bila joaten direla dio.

«Euskal jantzia munduko jantzirik politena da, baina ez da hobekien gelditzen dena»

Eta nola jantzi ongi? Horretarako hainbat gomendio  luzatu ditu: «Lehenengoa gona gerrian janztea». Bigarrena: «Ongi jantzita egoteko, gonak, zapiak, alkandorak eta amantalak behar dute nahi eta nahi ez. Elementu horiek gabe ez da baserritar jantzi oso bat».  Dendan saiatzen da hori transmititzen: «Uste dut hori ere badela gure lana, saltzeko gaudela, baina erakusteko ere bai».

Eta gizonezkoen arroparekin zer?   «Bada Baztanen %80ak galtza urdinak eramaten ditu, udan atorra zuriarekin eta neguan gainetik alkandora beltzarekin. Hori bai, eguberrietan kaikua erabiltzeko ohitura indartzen hasi da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun