Hasier Larretxearen 'Guztia urruntzea da' poemarioaren irakurketa eginen dute bihar Arraiozen

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 12a

Hasier Larretxea idazlea ezker aldean, 'Guztia urruntzea da' poemarioarekin esku artean. Argazkia: Utzitakoa.

'Guztia urruntzea da' poesia liburuxkaren bueltako solasaldia zein irakurketa eginen du Hasier Larretxea idazleak Ines Castiella Nafar Ateneoko Joxemiel Bidador poesia taldeko koordinatzailearen laguntzaz. Ekitaldia bihar izanen da, 18:00etan, Arraiozko elkartean.

Larretxeak azaldu duenez, «Guztia urruntzea da hainbat urtetan idatzi eta landutako poema bilduma da». Hala, zenbait urtez poemak biltzen eta zizelkatzen ibili ondotik, poemario osoa Susa argitaletxearen bidez argitaratu du aurten, liburu forman. Alegia, Larretxearen hitzetan «luxu bat izan da argitaletxeko lantaldearekin elkarlanean liburua ontzen joatea» eta eskertuta agertu da «bidaide ezin hobeak» eduki dituela erranez.

Gisa berean, eskerrak ematen hasi eta liburuaren azala sortu duen Miren Asiani ere eskerrak luzatu dizkio idazleak, «irudi hain iradokitzailea» egin izanagatik. «Argi nuen, liburu formatuarekin amets egiten nuen une hartatik, berari proposamena luzatu nahi niola».

Poemaz poema, «distantziaren ideia atzemanezinaz» aritzen da behin eta berriz idazlea, distantziak sortzen duen urruntasuna ardatz eta distantziak berak bereganatzen duen ideiarantz hurbildu nahian. Poemarioaz mintzo, hurrengo poema laburra utzi du Larretxeak:

Distantziak, ezinbertzean, begirada aldatzen digu. Izatea. Pausoen norabidekoa. 
Distantzia ere itzultzeko modu bat da.
Haurtzaroko landa eremuko deskubrimenduak besarkatzekoa. Goroldioaren gisan larruan itsatsitakoak erauztekoa.
Landa eremuko magizismoa eta izerdia, iruditeria katolikoaren itzalak, deskubrimenduak, korapiloak, joan-etorriak.
Itzuli ahal izateko, joan beharra dago lehenik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun