Independentziaren Egunak urtean behineko ospakizuna ez ezik, aurtengo bigarrena izanen du asteburu honetan. Joan den apiril hasmentan Baztandik Independentziara! eguna egin zuten Erratzun; eta oraingoan, aldiz, ekimena Baztango mugetatik haratago zabaldu eta Baztan-Bidasoa osora hedatu dute. Hala, Iruritako herria izanen dute bilkura leku eta egun osorako egitarau borobila prestatu dute:
Abenduak 13
10:00etan Paxaka kirol erakusketarekin hasiko dute eguna trinketean. Bitartean, 10:00etatik aitzinera eskualdeko ekoizleek ere azoka ttikia paratuko dute Iruritako plazan eta 14:00ak artio egonen dira; euria eginez gero erreboteko karpan izanen da. 12:00etan 'Euskararen aldeko bultzada berrirantz' hitzaldia eskainiko dute eta 14:00etan, berriz, mahaiaren bueltan kantu zahar bazkaria. Mahaietik zutituta, 18:00etan herrian barna elektrotxarangarekin ibiliko dira eta 20:00etan poteo girotua izanen da. Horrez gain, afaltzeko aukera ere egonen da eta 23:00etan Gabezin musika taldearen kontzertua. Ondotik, bestarekin segitzeko DJ Latzeneko Bordakuk eta DJ La Blaki ta Kupela.