«Osasun sistema publiko duinaren alde» borrokan segitzeko elkarretaratzea egin dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 11

Euria ari bazuen ere, aterkiak hartu eta karrikara atera ziren aldarriekin. Argazkia: Ondikol.

Baztango Osasun Plataformak deituta, «kalitatezko osasun sistema publikoa» aldarrikatzen segitzeko Elizondoko Osasun Etxearen sarreran bildu ziren atzo herritarrak. Bide batez, azaroaren 6an, Nafarroako osasun sistema publikoaren «gabeziak» azaleratzeko Lazaro Elizalde Nafarroako Osasun Plataformako kidearekin, Bene Agirre Urdazubi eta Zugarramurdiko medikuarekin eta Fernando Anbustegi Baztango alkatearekin egindako mahai ingurua izan zuten ardatz

Urtebete daramate dagoeneko herritarrek Elizondoko Osasun Etxearen aitzineko aldean biltzen eta beraien aldarriak entzunak izan daitezen horiek behin eta berriz errepikatzen

Atzokoan, eguraldi kaxkarragatik jende guttiago bildu bazen ere, borrokak segitzen duenaren arrastoa utzi zuten eta «osasun sistema publiko duina» eta «Elizondoko Osasun Zentroan lantalde egonkorra bermatzea» eskatu zituzten. Bide beretik, azaro hasmentan,  Lazaro Elizalde Nafarroako Osasun Plataformako kidearekin, Bene Agirre Urdazubi eta Zugarramurdiko medikuarekin eta Fernando Anbustegi Baztango alkatearekin edukitako mahai ingurua hizpide hartuta, Nafarroako osasun sistema publikoaren «hutsuneak» agerian utzi zituzten.

Osasun plataformakoek adierazi zutenez, mahai inguruan, Elizaldek Nafarroako Foru Legediak bere barne biltzen duen osasun zaintza publiko eta duinaren atala kontuan hartuz gero, «gabeziak» bistakoak direla argi utzi zuen; gabezia horiek landa eremuetan are nabarmenagoak direla azpimarratuta: «Lehen mailako arreta duina emateko nahiko diru behar da eta Nafarroako osasun gastua Munduko Osasun Erakundeak aholkatzen duena baino aunitzez baxuagoa da. Gainera, gastu hori ospitale eta azpiegituretara bideratzen da gehien bat, herrietako zaintzak behar duen kantitatearen kaltetan».

«Kezkatzekoa da langileen formakuntzan, birziklapenean eta herrietako zaintza duinean zein guti inbertitzen den»

Herrietako kontsultategi ttikietan gertatzen denaren lekuko, Agirre medikuak kontsultategi ttikietako profesionalek Nafarroako Osasun Departamentutik hartzen duten tratua «eskasa» dela salatu zuen: «Pertsonalari dagokionez, ez da bermatzen plaza guztiak modu iraunkorrean beteta egon daitezen. Aunitzetan aparatu eta tresnetan inbertsio handiak egiten dira, baina inolako segimendu eta formakuntzarik eman gabe; errate baterako, Doneztebeko X izpien aparatua espezialista baten eskuetan egon beharko litzateke». Gehiago ere bai: plataformatik azaldu dutenez, medikua kritiko agertu zen «langileen formakuntzan, horien birziklapenean eta herrietako zaintza duinean zein gutti inbertitzen den» ikusita. 

Bertzalde, Anbustegik Eskualdeko Osasun Kontseiluak duen funtzionamendua zein den esplikatu zuen. Hala, Nafarroako Osasun Departamendutik Eskualdeko Osasun Kontseiluari «garrantzi eskasa» aitortzen zaiola argi utzi zuen alkateak; kontseilua «benetako osasun zaintzaren problematikari soluzioak bilatzeko, ez, eta tramite hutserako erabiltzen dela» iritzita.

«Lehengo lepotik burua»

Halabeharrez, Nafarroako Foru Legediko osasun irizpideen  kontra «mila helegite baino gehiago» aurkeztu direla aipatu zuen mahai inguruan Elizaldek eta hortaz, legebiltzarrean osasun sistema publikorako aurkeztuko duten proiektuaren nondik norakoak oraino jakitekoak direla gehitu zuen. Hala eta guztiz ere, plataformako kideek ondoko egunetan Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuak onartuko direla oroitarazi zuten, bertze behin «lehengo lepotik burua» agertuko dela aurreikusita: «Osasun arloko diru partida eskasa, batez ere lehen mailako arretari dagokiona: farmaziako gastuek pisu handia hartzen dute eta zentro pribatuetara bideratzen den diru kopurua nabarmenki handitu da».

«Osasun arloko diru partida eskasa da, batez ere lehen mailako arretari dagokiona: farmaziako gastuek pisu handia hartzen dute eta zentro pribatuetara bideratzen den diru kopurua nabarmenki handitu da»

Iluntasunetik at argi izpiak agertzen dira tarteka eta egiten diren elkarretaratzeek guttinaka fruitua ematen dutela ohartarazi zuten Baztango Osasun Plataformakoek; erretiroa hartua zuen Iruñeko mediku batek Elizondoko Osasun Etxean lanean aritzeko prestutasuna erakutsi duela oroitaraziz.

Hurrengo elkarretaratzea urtarrilaren 14an

Hori horrela, mobilizatzen segitzeko garrantzia azpimarratu zuten eta heldu den elkarretaratzea urtarrilaren 14an, 18:00etan Elizondoko Osasun Etxearen aitzineko aldean izanen dela aitzindu zuten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun