Benito Menniko langileen aldarrikapenak Elizondotik Iruñera bidean dira

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 11

Borrokan segitzen dute Elizondoko Benito Menni zentroko langileek. Alde batetik, abenduaren 24ra arte greba egitekoa dute, eta bertzetik, Elizondokotik Iruñera martxa. Atzo abiatu zuten martxa, eta gaur bigarren zatia eginen dute, Mugairitik Arrera.

Langileek «benetako negoziazioa» nahi dute, «baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko, soldatak hobetuz, lanaldia murriztuz eta lan kargak gutituz». Hiru eguneko martxarekin beraien aldarriak Elizondotik Iruñera eraman nahi dituzte, gisa horretara «gure egoeraren arduradunak, enpresaren zuzendaritza eta Nafarroako Gobernua, Iruñean daudela garbi irudikatuz».

Atzo, abenduaren 10ean, Elizondotik Mugairirako bidea egin zuten; gaur, abenduaren 11n, Mugairitik Arrera joanen dira, eta horretarako hitzordua 10:00etan egin dute. Bihar borobilduko dute martxa, Arretik Iruñera joanez. Horrez gain, bihar, Iruñean parlamentuaren aitzinean ekitaldi nagusia eginen dute, 11:00etan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun