Aurtengo irailean, Baztango Osasun Plataformaren lehenbiziko urtemugan, «osasun sistema publiko duina» exijitzen segitzeko asteazkenetan elkarretaratzeak eginen zituztela iragarri zuten eta gaur, asteazkena, halaxe eginen dute, bertze behin.
2024ko irailean, une hartako osasun sistema publikoaren egoera «larria» salatzeko eta «kalitatezko osasun sistema publikoa» eskatzeko Baztango Osasun Plataforma sortu zuten; bide beretik, beraien aldarriak entzunak izan zitezen, irailaren 13an 1.000 lagunetik goitiko manifestazio jendetsua egin zuten karriketan barna. Hura, hilabete luzez irauteko sortua zen borroka baten hasiera bertzerik ez zen izan eta duela hilabete batzuk, plataformaren urteurrenaren bueltan, duela urtebeteko aldarri berak plazaratzen segitzeko dozenaka herritar Elizondoko Osasun Etxearen aitzineko aldean elkartu behar izan ziren. Osasun plataformatik esplikatu zutenez, «tarteka zerbait hobetuko zela iruditu bazitzaigun ere, ordutik egoera ez baita aunitz aldatu».
Urrian, berriz, egoerak «okerrera» egin zuen, Elizondoko Osasun Zentroan zegoen hiru medikuetako batek alde egin baitzuen. Hala, herritarren artean kezka areagotu egin zen. Alta, hortik ez aunitzera erretiroa hartua zuen mediku batek lanera itzultzeko prestutasuna erakutsi zuen eta hutsunea bete zuen. Hala eta guztiz ere, borrokak badu bidea oraino eta herritarrek «osasun sistema publiko duinaren alde» jo ta ke borrokan segituko dutela argi utzi dute.