Asteburu kulturala ospatu berri dute aniztarrek

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 9a

Abenduaren 5etik 6rat bitarte Anizko asteburu kulturala ospatu dute, bertze urte batez, herritarrek. Hala, zenbait egitasmoren artean, Emilia eta Ana Marirekin lehengo garaiak, Anizko eskolako garaiak, oroitu dituzte. Bidenabar, etorkizunera begira ere jarri dira, hemendik aitzinera Apeziturri eta Plaxaxar gisa ageriko diren parajeen izenak paratu baitituzte.

Argazkiak eta testua: Maitane Maritorena

Urtero bezala, aurten ere, ezin hobe joan da Anizko asteburu kulturala. Ortziralean, herri kiroletan aritu ziren haur eta gaztetxoak, ondotik elkartean afaltzeko aukera izan zuten, haur-gazte eta heldu, 45 lagun inguru bildu ziren mahai bueltan.

Larunbat goizean, hondarreko urteetan egin izan den bezala, paraje izenak paratu ziren: aurtengo izenak Apeziturri eta Plaxaxar. Bi izen horiekin 21 dira Anizko inguruetan paratutako toponimoak. Ondotik, elkartean mahai jokoetan aritu, aperitiboa hartu... eta arratsaldeko ekitaldi artio. Arratsaldeko 16:00etan Emilia eta Ana Mari garai bateko eskolako kontuak azaltzen aritu ziren. 82 eta 92 urte dituzte hurrenez hurren, hamar urteko aldean eskolako aferetan ere desberdintasunak izan zirela agerian gelditu zen.
 
Garai bateko eskolako argazkiak lagun, aniztar andana bildu zen bi emaztekien garai bateko kontuak aditzera: Gantxitoneko eskola nolakoa zen, zer kantatzen zuten, ze irudi zeuden gelan, neskak eta mutikoak gela berean nahaste egoten zirela bertze herrietan ez bezala...
 
Asierrek gidaturik eta garai bateko eskolako argazkiak lagun, aniztar andana bildu zen bi emaztekien garai bateko kontuak aditzera: Gantxitoneko eskola nolakoa zen, zer kantatzen zuten, ze irudi zeuden gelan, neskak eta mutikoak gela berean nahaste egoten zirela bertze herrietan ez bezala, komunik ez zutenez kanpora nola joaten ziren, maiatzeko hilabetean batez ere behi aitzinerat joateko klasea nola galtzen zuten, liburu bakarrarekin nola moldatzen ziren... Gantxitonetik 1950. hamarkadan eraiki zuten eskola berrirat etortzean izandako aldaketak eta hobekuntzak ere aipatu zituen Emiliak: Gantxitonean ez bezala erlojua bazutela, komuna ere bai, mahai gehiago... Maritxu Lizarrondo maistra ere goraipatu zuten biek, Frankismo garaian euskara debekatua egonagatik, Anizko haurrei egundaino ez baitzien zigortu euskaraz egiteagatik eta euskararen kontrako jarrerarik ere ez baitzuen erakutsi.  Solasaldiaren akabailan, eskertza gisa zurezko ikasmahai ttipi bat (garai hartan eskolan zituzten pupitreen gisakoa) eman zitzaien bi emaztekiei.
 
Testigantzen ondotik Anizko frontoia estali zuteneko inaugurazio bideoa ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek, orain dela 30 urteko irudiak ikustea ederra bezain hunkigarria izan zen, bideoan ageri zen jende anitz dagoeneko ez baitago gure artean, eta haur ageri zirenak gaur egun guraso baitira, arras momentu polita izan zen. 1940 eta 50. hamarkadako eskolako kontuak aditu, eta 1990.urteko bideoa ikusi ondotik, bertso afariaren txanda ailegatu zen. Joanes Illarregi eta Maddi Ane Txoperenarekin giro ezin hobean akabaila eman zitzaion 2025eko Anizko asteburu kulturalari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun