Baztango Talde Ekosozialak «klima aldaketaren inguruko larrienaz ohartaraztea» izan du aurten erronka nagusi; hala, ibilaldiak, hitzaldiak, irratsaioak eta gehiago bultzatu ditu hilabetez hilabete. Oraingoan, urteari akabera emateko Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Inguruemen Departamentuaren baitako LIFE-IP NaDapta-CC proiektuak sorturiko klima aldaketaren inguruko erakusketa ibiltariak Baztanen geldialdia egitea lortu du. Bidenabar, gaurtik hasita 21eraino erakusketaren ateak zabalik egonen dira Arizkunenean.
Talde Ekosozialak azaldu duenez, «izaera ibiltaria duen eta herritarrei zuzendua dagoen dibulgazio erakusketa da». Bide beretik, esplikatu duenez, «klima aldaketara egokitzeko Nafarroan egindako jarduerak erakusten ditu». Gehiago sakontzearren, erakusketa euskaraz idatzitako 10 panelez eginda dagoela gaineratu du; horien helburua, «egungo errealitate klimatikoaren eta emisioen agertoki desberdinetatik eratorritako etorkizuneko aurreikuspenen inguruko kontzientzia piztea» izanik.
Helburu berari jarraiki, klima aldaketaren aitzinean Nafarroak segitzen duen plana ardatz hartzen dela azaldu du Baztango Talde Ekosozialak eta planaren nondik norakoak zerrendatu ditu: «Europako proiektu integratu honek dituen 6 jardun eremu teknikoen inguruan egindako jarduketak erakusten ditu: klima aldaketaren monitorizazioa eta tokiko ekintza klimatikoa, ura, basoak, nekazaritza eta abeltzaintza, osasuna eta azpiegiturak eta lurralde plangintza».