Artisau lan gehienak bezalaxe, «urteen poderioz eta ekinaren ekinez» ikasi du lanbidea: «hau ez dizute eskola batean erakusten. Ikusiz, eginez eta denborarekin trebatuta ikasten da». Hala ere, arotzaren lana, ez da garai batekoa bezalakoa: «Nire aitatxik eta aitak eskulanean ordu aunitz ematen zituzten... orain pieza gehienak prest etortzen dira. Sutegian mailuarekin eta ingudearekin gaur egun ez da apenas lanik egiten, ez baita errentagarria».
Garaiak ere aldatu dira: «lehen lan egiten zen, batez ere, baserritarrekin. Inguru honetan gehienek animaliak zituzten, zerriak, behiak… horri bideratutako lan aunitz egiten zen. Lan hori guztia gaur egun desagertu egin da».

Eskaintza zabala
Lan batzuk desagertu, bertzeak mantendu eta berriak sortu dira: «etxeetako balkoiak, burdin hesiak, forja, era guztietako ateak, aluminiozko lanak, toldoak eta estoreak jartzen ditugu».
Horietako hainbertze neurrira egindako lanak direla azpimarratu du, «lan pertsonalizatuak dira, kalitatezkoak eta behar zehatz bati erantzuteko egindakoak. Saltoki handietan saltzen ez dituztenak». Arotz lanei lotuta, automatizazioak ere geroz eta garrantzia gehiago hartu duela azaldu du: «dagoeneko ez gara giltza automatikoaz hitz egiten ari. Gaur egungo gazteek mugikorretik kontrolatu nahi dute dena, baita garajeko atea ere. Hortan ere ikasi dugu». Argi du: «egokitu, moldatu... bertze aukerarik ez dago».
Nabari da Azcarragak gustuko duela bere lanbidea: «egunero lan arras ezberdinak egiteko aukera ematen dit eta jendearekin dudan tratu hori ere aberasgarria eta polita da». Lanbide ederra, baina lotua dela aitortu du: «Autonomoak gara eta gure egunerokoan ordu aunitz eskaini behar dizkiogu lanari. Gainera, ez da astez eta tailerrean egiten den lana bakarrik: neurriak hartzera joan behar da, egindako lanak ikusi, aurrekontuak atera... hortan ere lan aunitz dago. Eta asteburuetan fakturak, aurrekontuak... egitea tokatzen zaigu».
Etorkizuna
Etorkizunak kezka eragiten dio: «laugarren belaunaldia naiz eta badirudi azkenekoa izanen naizela. Nire bi alabek udan laguntzen didate, baina bakoitzak bere bidea hartua du. Emaztea ere hemen aritu zen hamabortz bat urtez nirekin lanean. Nik uzten dudanean ez dut segidarik ikusten». Ez da bere etxeko kontua: «gisa honetako lanbideak arriskuan daude. Urte aunitz behar dira ikasteko eta gazteek ez dute halako loturarik nahi. Pena da, baina desagertzera kondenatuta gaude». Hori bai, norbaitek pausoa eman eta lanbidea ikasiko balu, lanik ez litzaiokeela faltako uste du: «Inguru honetan bizpahiru lagun ari gara aroztegiko lanetan, izan ziren hamar bat aritzen ginen garaiak. Aldaketarik ez bada, ailegatuko da eskaerari eskaintzarekin erantzun ezin izanen zaion garaia».
Egoera beltz ikusi baino, nahiago du alde ona azpimarratu: «ezin du edozeinek erran enpresa bateko laugarren belaunaldia denik». Eta pozik gaineratu du: «jendeak urte hauetan guztietan erakutsitako babes eta konfiantzarik gabe ez zen posible izanen. 135 urte urte daramatzagu hemen eta hainbertze urteren ondotik lanean segitzen badugu, zerbait ongi egin dugunaren seinale izanen da».