«Behar baino lehenago egiten diren zuhaitz kimaketen» harira kezka agertu du Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 2a

Baztango Haur Eskolaren aitzineko aldean dagoen zuhaitz kimatu berria.

Azaroa akitu baino lehenago zuhaitzak kimatzeari ekin diote herrietan. Hala, Baztango Talde Ekosozialak horren inguruan kezka erakutsi du; zuhaitzak oraino neguko geldialdian ez daudela ziurtatuz eta, bide batez, «formazio inausketa ez ezik urteroko ohiturak bultzatutakoa» dela gaineratuz.

Baztango Talde Ekosozialak gogoratu du, «urteroko legez, neguan sartu aitzinetik zuhaitz kimaketa egin dutela Elizondon». Horrela, adibide gisa, honela adierazi du: «Baztango Haur Eskola ondoko zuhaitzak adar eta kimurik gabe burusoil utzi dituzte, bertze behin». Talde ekosozialaren irudiko, «horiek behar baino lehenago egiten dira, zuhaitza neguko erreserbak orain erabiltzera behartzen baitu».

Gehiago ere bai: talde ekosozialak «negu aitzineko zuhaitz inausketa formaziozkoa ez ezik, urteroko inertziak bultzaturiko kimaketa» dela uste du eta joera horrek «zuhaitzari ondorioak» ekarri ohi dizkiola adierazi du: «Jokabide horrek urtetik urtera muinoak eta zauriak bertzerik ez dizkio ekarriko zuhaitzari; gomosia bezalako gaitzak tarteko. Horrek zuhaitzaren gainbehera bultzatuko du, eta luze gabe, moztu beharko da». 

Bide beretik, Elizondoko zuhaitz andana bat, «kudeaketa egokia egin ez izanagatik» dagoeneko minduak daudela azaldu du talde ekosozialak. Hala ere, «oraino minetik at» mantendu daitezkeen zuhaitzetan paratu nahi izan du arreta: «Zuhaitz gazte horiekin zergatik horrela segitu? Aspalditik datorren gaia da, baina noiz artio segituko dugu horrela? Eremu eta berdegune publikoei buruzko herritarren kontzientzia hedatzen ari den garai honetan, beharbada kudeatzeko modu hori aldatzeko tenorea ailegatu da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun