Urteroko legez, asteburu kulturala eginen dute Anizen

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 2a

Aniztarrak 2023ko asteburu kulturalean. Argazkia: Artxibotik.

Abenduaren 5ean eta 6an egun bereziak izanen dituzte Anizen. Bide beretik; solasaldiak, otorduak eta gehiago prestatu dituzte

Bi egunetarako egitarau borobila prestatu dute.

Abenduak 5

Ortziralean, herri kirolak izanen dituzte 19:00etan eta ondotik elkartean otordua. Bietan parte hartzeko izena eman beharra dago aitzinetik.

Abenduak 6

Larunbatean, goizetik arrats eguna betea izanen dute. Urtero egin ohi duten bezala, goizean, paraje izenak paratuko dituzte eta aurtengoekin 21 izen izanen dira paratutakoak. Arratsaldean, 16:00etan hondar urteetako ekitaldi berezia izanen dute: herritarren testigantzen hitzordua. Aurten, Ana Mari eta Emilia arituko dira solasean lehengo Anizko eskola kontu. Horren ondotik, bideo emanaldia izanen dute, aspaldiko Anizko bideoak (aitzineko mendekoak), gaur egun heldu direnak haur ziren garaikoak, hain zuzen. 21:00etan, berriz,  bertso afaria izanen dute Joanes Illarregi eta Maddi Ane Txoperenarekin. 

Bertso afarirako sarrerak salgai daude, 35 euroren truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun