Alaitz Arribillaga

«Gizartean positiboki eragiteko gai diren ikasleak behar ditugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 30a

Lesboseko errefuxiatuen kanpamentura joanen diren irakasle eta ikasleak. Argazkia: Utzitakoa.

Alaitz ARRIBILLAGA, Elizondo Lanbide Eskolako irakaslea.

Elizondo Lanbide Eskolatik sei ikasle eta bi irakasle Lesboseko errefuxiatuen kanpamentura joatekoak dira eta, bide beretik, janari bilketa solidarioak egin dituzte berriki.

Heldu den urteko martxoan, sei ikaslez eta bi irakaslez osaturiko «konfiantzazko talde ttikia» Elizondo Lanbide Eskolatik abiatu eta Lesboseko (Grezia) errefuxiatuen kanpamentura joanen da. Behin irlara ailegatuta, Zaporeak elkarteak bertan duen sukaldean murgildu eta boluntario gisa errefuxiatuen otorduak prestatzeari ekinen dio astebetez. Ikasleak Goi Mailako Administrazio eta Finantza Zikloko ikasleak dira zehazki eta, hortaz, klasean landutako ekintzailetza soziala praktikara eraman eta «hezkuntza benetako errealitatearekin konektatzea» izanen dute helburu. Bidenabar, Zaporeak elkarteari beraien ekarpen ttikia eginen diote eta proiektuaren bueltako motibazioa agerian utzi dute: «Badakigu ikusiko dugun errealitatea zaila izanen dela, hunkituko gaituela eta egoera gogorrak biziko ditugula; hala ere, esperientzia bizitzeko gogoz gaude».

Bide beretik, Lesboserat joan aitzinetik bertzelako egitasmoak ere egin dituztela jakinarazi dute; janari bilketa solidarioak, errate baterako. Hori horrela, bidaiaren nondik norakoen, prestakuntza guziaren, aitzineko janari bilketen eta gehiagoren bueltan kontu kontari ibili da Alaitz Arribillaga, proiektua bultzatu duen irakasleetako bat.

Zer dela eta sortu zen egitasmoa egiteko nahia, Alaitz?

Elizondo Lanbide Eskolan metodologia berriak sustatzen direla aprobetxatuz, hezkuntza bertze era batean esperimentatzeko aukera argi ikusi nuen. Nire helburua ikasleei beren mugak gainditzen eta euren bokazioa aurkitzen laguntzea da, testuliburutik harago doan ikaskuntza esanguratsua bultzatuz. Behin aditu nuen hezkuntza ez dela bakarrik burutik burura pasatzen, bihotzetik bihotzera baizik, eta horrekin guztiz identifikatuta sentitzen naiz. Guztia bat eginda eta denon gogoa ikusirik, proiektua aitzinera eramateko aukera aprobetxatu dugu. 

«Gizartean edota ingurumenean eragin positiboa edukitzea bilatzen dugu eta eginen ditugun boluntariotza lanekin bertzeekiko konpromisoa, lankidetza eta ardura soziala esperimentatuko ditugu»

Zergatik, zehazki, Lesboserat?

Ematen dudan moduluan, ekintzailetza lantzen dugu, tartean, ekintzailetza soziala. Azken hori erakunde euskaldun baten eskutik bizitu nahi genuen eta Zaporeak erakundea aproposa iduritu zitzaigun. Lesbos uhartera ailegatzen diren errefuxiatuen kopuruak goiti egiten jarraitzen du egunetik egunera, han pertsonen oinarrizko beharrak asetzen ez direla argi dago; anitzek ez baitute kalitatezko elikagairik eskuratzeko aukerarik, ezta egunean behin otordu bat bera ere izateko aukerarik. Hortaz, Zaporeak elkartearen helburua errefuxiatuei jaten ematea da, bide batez, beraien duintasuna eta zoriontasuna nolabait berreskuratzeko asmoz. Egunero 2.500 bazkari banatzen dituzte eta elkartasunak pertsonen bizitzetan benetako eragina izan dezakeela erakusten dute. Gure partez, gizartean edota ingurumenean eragin positiboa edukitzea bilatzen dugu eta eginen ditugun boluntariotza lanekin bertzeekiko konpromisoa, lankidetza eta ardura soziala esperimentatuko ditugu.

Nolakoa izan da Zaporeak elkartearekin eduki duzuen hartu-emana?

Hagitz ona, hasieratik laguntza eta hurbiltasuna eskaini dizkigute. Euskal Herritik jende dezente joaten da Lesbosera boluntariotza lanetara, aldiz, lehenbiziko aldia da ikasle talde bat hartzen dutena eta hortaz, hasieratik gure ideiari balio handia eman eta erraztasun guztiak eskaini dizkigute prestaketan.

Proiektua aitzinera ateratzeko finantziazio ekonomikoa behar da…

Bai, hala da, eta bidaia ordaintzeko beka eskatu genuen. Hala ere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko berrikuntza proiektuetatik, Futura izeneko programatik zehazki, beka ttiki bat lortu dugun arren ez da nahikoa proiektua egiteko. Horregatik, bertzelako zenbait ekimen abian paratu ditugu falta zaigun dirua biltzeko, horien artean; zozketa solidarioa, crowdfunding kanpaina eta errefuxiatu kanpamentura bidaltzeko janari bilketa solidario diferenteak. Horiek guztiak irabazi asmorik gabeko ekintzak dira, kostuak estaltzeko balioko dutenak. Ekimen hauekin jendeak gure proiektua ezagutzea eta euren ekarpena eginez nolabait honen parte sentitzea nahiko genuke.

«Irakasleon erronka nagusietako bat hezkuntza egokitzapenerako tresna hutsa ez izatea da, eraldaketarako bidea baizik»

Ez da ohikoa hezkuntzaren partetik bidaia hauek eskaintzea. Hortaz, uste duzu hezkuntza sistema astindu beharko litzatekeela?

Bai, dudarik gabe; ikasleak ez direlako bakarrik lanbide baterako prestatzen eta pertsona gisa garatzea ere garrantzitsua delako. Edukiak ikastea hagitz garrantzitsua den bezala, etorkizuneko munduan txertatzeko beharrezkoak diren gaitasunak lantzea ezinbertzekoa da. Hortaz, irakasle gisa, geure buruari honakoa galdetu beharko genioke: zertarako prestatzen ditugu ikasleak? Ohiko erantzuna, lan mundurako prestatzen ditugula izan ohi da. Baina, baieztapen sinple horrek hausnarketa sakona gordetzen du gibelean: nolako gizarte mota ari gara eraikintzen eta zein da hezkuntzaren rola hor? Lan mundu ideala aukera berdintasunean, justizia sozialean eta garapen pertsonalean oinarrituko litzatekeena da, baina, errealitatea bertzelakoa da. Beraz, horren aintzinean, ikasleak egungo sistema bidegabera egokitzeko prestatzen ditugu edota hori eraldatzeko tresnak eskaintzen dizkiegu? Hautatzen ditugun edukiak, sustatzen ditugun balioak eta ikasleei eskaintzen diegun ikuspegiak zuzenean eragiten dute etorkizuneko gizartearen izaeran. Hortaz, irakasleon erronka nagusietako bat hezkuntza egokitzapenerako tresna hutsa ez izatea da, eraldaketarako bidea baizik.

Hari beretik, hezkuntzari edota gizarteari zer eskatuko zenioke?

Lesboseko proiektu honi lotuta; hezkuntzari irekiagoa izatea eskatuko nioke, mundura begiratzeko aukera gehiago ematea eta eginez ikastea. Gizarteari, bereziki, elkartasuna momentu puntual gisa ulertu beharrean, bizitzeko modu gisa ulertzea eskatuko nioke; guztiok badugulako zer eman.

Zerbait gehitzeko?

Batez ere eskerrak eman bidaia posible egiten ari diren guziei eta gure leloa eutsiz, guztion artean itxaropena elikatu dezakegula oroitarazi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun