Hogeita bortz urte hauetan sektorea aldatu dela dio: «Lan egiteko manera, materialak… aldatu dira aunitz eta guk ere ezinbertzean egokitu behar izan dugu gure eskaintza».
Azaldu du tarte horretan izan direla denerako egur trinkoa erabiltzen zen garaiak: «Gaztaina, haritza... erabiltzen zen zolak egiteko, ateetarako, altzarietan… gero, merkatua eta aukerak zabaldu ziren: melaminek, binilikoek... indarra hartu zuten eta egur trinkoak zertxobait galdu».
Gaur egun, badirudi egurra berriz ere indarra hartzen ari dela: «Barne dekorazioan ere geroz eta toki gehiago ematen zaio egurrari». Elkarlan berriak eragin ditu horrek eta aipatu du geroz eta gehiagotan aritzen direla arkitektoekin eta dekoratzaileekin batera lanean: «Egurrak eraikin bati goxotasuna ematen dio eta dekoraziorako elementu garrantzitsua da. Adibidez, paretetan edo espazioen banaketak egiteko xaflak aunitzetan eskatzen dizkigute. Etxebizitzez gain, ostatu eta jatetxeetan ere dezente ari gara lanean».
Tailerra
Urdazubin aritu dira urtetan lanean eta, berriki, Iruritako Zaldubia industrialdera mugitu dira: «Baztandarrak dira gure langile guztiak eta orain etxetik hurbilago ariko dira lanean». Lantzen dituzten produktuen erakusketa dute bertan ikusgai: «zurezko taulak neurrira saltzen ditugu eta Iruritara etorrita bertatik bertara ikus dezakete bezeroek produktua».
Zurgindegian tailerra izateak altzariak hutsetik sortzeko aukera ere ematen die: «Produktuak bezero bakoitzarendako pertsonalizatzekoa. Garai batean altzari trinkoak egiten zirenean milaka moldura izaten zituzten, torneatuak izaten ziren... bazirudien altzari trinko bat egiten zenean estilo jakin bati lotua zegoela. Denborarekin erakutsi dugu egurra zernahirako erabil daitekeela eta gaur egungo estiloetara egokitu». Bertze tokietan egiten ez dituzten lanak egiteko aukera dutela nabarmendu du: «Diseinu klasikoetatik hasi eta modernoetaraino, bezeroen beharretara egokituz».
Inbertsioa
Egurra aukeratzen duenak «epe luzerako inbertsioa» egiten duela nabarmendu du Bengotxeak: «Imitazio aunitz dago, aukera merkeagoak badaude, baina kalitateak ez du deus ikustekorik».
Eraikuntzaren sektorean ere lan aunitz egiten dutela azaldu du Bengotxeak, «etxebizitzak eraiki edo zaharberritzeko garaian ezinbertzeko materiala da egurra». Bata bertzearen gibeletik aipatu ditu egiten dituzten lanak: «Teilatuak, egiturak, estaliak, fatxadak balkoiak, leihoak, zolak, ateak… egiten ditugu». Gainera, sektore horretan apustua egin eta «erreformetarako behar diren gremio guztiak» dituztela gaineratu du.
Batzuetan, aholkulari lanak egitea ere egokitzen zaio Bengotxeari: «Badira etxebizitza bat eriki edo zaharberritu nahi, baina nondik hasi ez dakitenak. 25 urte daramatzagu honetan lanean eta hori bezeroendako plus bat da». Bezeroei eskaintzen dieten «tratu hurbila» da beraien bereizgarrietako bat: «bezeroei entzun, aholkatu, proiektuari forma eman eta prozesu guztiaren jarraipena egitea».