Azaroaren 1ean berrehun lagun baino gehiago bildu ziren Bakersfield hirian, Kalifornian, giro ederrean
Denera 201 lagun elkartu ziren. Parte hartu nahi zuten aunitz kanpoan gelditu dira jatetxean denentzako nahikoa lekurik ez zegoelako. Arrakasta handia izan zuen. Baztango hamabortz herrietako herritarrek hartu zuten parte. Elbetetik bat bakarrik joan bazen ere, eta Lekarozko Ortiborroa etxekoen aldetik gehienak, inork ez zuen hutsik egin: San Frantziskotik, Chinotik, Bakersfieldetik, leku aunitzetatik hurbildu dira ospakizun honetara. Horien guztien artean, han sortutako belaunaldi berriko gazteek ere parte hartu zuten. Adaxkak zabalduz doaz, adar bihurtzen.
Ospakizun hau euskal artzainen artean arras ezaguna den Wool Grovers Restaurant jatetxean egin zen. Maddi eta JR Maitiak 1954an zabaldu zuten, eta geroztik, euskaldun aunitz igaro dira handik.
Akitzeko, herri bakoitzetik joandakoak argazkiak egin zituzten taldeka. Azken bat, denak elkarrekin. Ikusten den murala bazkaldu zuten jatetxearen gibelean dago. Orgarik ez zuten plazaratu, baina beraien sorterria adierazten zuen kartelarekin harro atera zituzten argazkiak.
Bakersfield… Baztanfield bihurtu ote da?
Eta azaroaren 1eko elkarretaratzea nahikoa ez balitz, hilabete honen 23an Chino hiriko Chino Basque Clubean 200 lagunetik goiti elkartu ziren bazkaltzeko, elkarren arteko harremanak ez galtzeko, elkarren berri izateko, hitz batean erranda: goxatzeko.
Ezin dugu atzendu, bertzeen artean, ehunka baztandar joan zirela Argentinara, Txilera eta Mexikora. Herrialde honetako hiriburuan, Mexiko DFn urteak daramatzate Euskal Etxean antolatzen duten Baztan Eguna ospakizunean elkartzen. «Jarrai dezatela horrela, elkar goxatzen eta ongi pasatzen, ederki irabazita eta merezita dute eta!».