Baztango Talde Ekosoziala, bizikletan ibiltzeko ohituren bueltan mintzatu da zenbaitetan eta bizikletan ibiltzeko kultura indartzeko lanetan ere aritu da azken boladan; horretarako jardunaldi eta tailer diferenteak antolatu baititu. Bide horretan, oraingoan, bizikletaren kultura landu eta bultzatzea helburu izanen duen Izterpeko Matxina irrati saioarekin agertu da eta gaur Xorroxin irratian, 14:00etan, lehenbiziko emankizuna eginen duela jakinarazi du.
«Bizikleta mugikortasunak balio kultural zakua dakar berarekin: historia, artefaktuak, azpiegiturak, kantuak eta literatura, istorioak, pasarteak, bizipenak...Eta horiek, hain zuzen, izanen dira saioaren muina»
Talde ekosozialak adierazi duenez, «krisi ekosozial aldi honetan, antolamendu soziala deskarbonizatzeko eta herriguneak bizigarriago eta osasuntsuago egiteko; mugikortasunak, eguneroko mugikortasunak, garrantzi handia hartu du eta horren bueltan, bizikleta bidezko mugikortasunak».
Hori horrela, bizikletan ibiltzea ekintza hutsa izan ez ezik, gibeletik motxila betea dakarren ekintza dela argi utzi du talde ekosozialak, eta hurrengo irratsaioetan motxila hori ireki eta guttinaka mihakatzen joanen dela aitzindu du: «Bizikleta mugikortasunak balio kultural zakua dakar berarekin: historia, artefaktuak, azpiegiturak, kantuak eta literatura, istorioak, pasarteak, bizipenak...Eta horiek, hain zuzen, izanen dira saioaren muina».
Gaurko saioaren nondik norakoak
Gaurkoan ordubeteko saioa eginen dute eta gonbidatu nagusi gisa Emilio Txoperena Txoltxan lesakarra izanen dute. Hala, 1978an lesakarrak Londresetik Lesakaraino bizikletaz egindako bidaia izanen dute solasgai. Bertzetik, Aimar Unzuegirekin ere elean arituko dira eta bizikletan egiten diren joan-etorrietako bitxikerien bueltan kontu kontari ibiliko dira. Gehiago ere bai: Mikel Lakastak ere parte hartuko du eta James Joyze, Gabriel Garcia Marquez eta Julio Cortazar handiak izanen ditu solasbide. Azkenik, Josu Imanol Goñik Xuxik, bere bizikleta gustukoena aurkeztuko du eta Jon Mindegiak bizikletaz mintzo den kantua ekarriko du lehenbizikoz. Bide batez, Mindegia eta bere kantua irratsaioetako ohitura bihurtuko direla aitzindu du taldeak.
Behin emankizuna akituta, saioa erran.eus eko atarian egonen da entzungai eta irratsaioaren nondik norakoen segida egiteko Instagramen eta Telegramen kontuak ireki dituzte; bietan izen berarekin: izterpeko_matxina.