Jakina da azaroaren 25a indarkeria matxista gaitzesteko eguna izanik, egutegietan morez markaturiko eguna dela. Alegia, Baztan Iñarrosik, Baztango talde feministak, gaurko eguna morez markatu ez ezik, hilabete osoa morez markatu du aurtengoan eta Elizondoko adinekoen egoitzako zenbait emakumerekin belaunaldi arteko topaketa egin du astez aste.
Zorione Mendez artista oriotarra bidelagun izan dutela, azaroko hiru ortziraletan bildu dira belaunaldi diferentetako emakumeak Elizondoko adinekoen egoitzan eta jardunaldian edukitako hartu-emanen erakusleiho, Indarrak batu elkarbizitza seguru baten alde lelopean mural koloretsua osatu dute.
Oro har, muralarekin bilkuraz bilkura elkarren artean partekatutako bizipen, elkarrizketa eta hausnarketa oro materializatu nahi izan dituztela azaldu dute Baztan Iñarrosi taldekoek. «Muralaren zaitei dagokienez, ezker aldeko eskuek elkarren zaintzari egiten diote erreferentzia; bertzetik, erdiguneko katiluak lagun artean, elkarri zaintzen igarotako arratsaldeak oroitarazten ditu; elkarrizketa sakoneko arratsalde horiek zeinetan noizbehinka indarkeria kasuak ere atzeman izan diren. Azkenik, katilutik sendoak zein hauskorrak izan daitezkeen mitxoletak ateratzen dira; elkarbizitza seguruaren irudikapen gisa».
Are gehiago, murala ondoko egunetan Elizondoko plazan ikusgai egonen dela jakinarazi dute.