Nor da Cristina Urtasun?
Egunak haur eta musikaz inguratua pasatzen dituen irakaslea.
Noiztik musika munduan murgilduta?
Etxean ttikitatik izan dugu musikaren presentzia eta gure osaba zenak musikako klaseak ematen zizkigun, gainera.
Zer da zuretako musika?
Nire egunerokotasuna da, bai lanean eta baita afiziozko jardueretan ere.
Musika munduan erreferenterik baduzu?
Josu Elberdin eta Imanol Elizasu ditut erreferente, beraiengandik haur koroetaz eta haur pedagogiaz aunitz ikasi dudalako.
Noiz sortu zenuten ahizpak eta biek Baztango Koro Ttiki?
2009an Elizondoko Abesbatzako zuzendariak animatuta sortu genuen. Jendeari helduen koroan zuzenean hastea arrotza egiten zitzaiola ikusi genuen, eta haurretan hasiz gero, etorkizunean bertze korora pasatzeko aukera zabaltzen zen.
Zenbatero biltzen zarete entseguak egiteko?
Normalki, astean behin biltzen gara, baina, emanaldiak hurbiltzen direnean maizago egiten ditugu entseguak. Bertzetik, urtean 10 emanaldi inguru eskaintzen ditugu.
Bi musikal egin dituzue dagoeneko, Jolasean eta Sorgin zahar berriak...
Bai, hala da. Jolasean 2018an egin genuen Josu Eleberdiren laguntzaz eta Sorgin zahar berriak, aldiz, joan den urtean Maria Agirre eta Joxerra Lopezen laguntzaz.
Berriki Olaia Inziarterekin ere lanean aritu zarete...
Olaiaren bi kantu ikasi eta berarekin grabatu ditugu estudio batean, bera izan zen guregana hurbildu zena eta arras eskertuta gaude emandako aukeragatik.
Haurrek nola bizitzen dute?
Haurrentzat lan handia izaten da eta tarteka kexatzen dira. Hala ere, proiektu berezi hauetan parte hartzeak motibazio handia sorrarazten die.
Hemendik guttira emanaldirik eskainiko duzue?
Olaiak Iruñean, Bilbon eta Donostian ekainiko dituen kontzertuetan parte hartuko dugu eta ondotik, eguberri aitzineko urteroko entsegu irekia eginen dugu.
Etorkizunera begira zer nahiko zenuke?
Batez ere mutikoak, gazteak zein gizonak, abesbatzara animatzea nahiko nuke.