Etxebizitza

«Bezeroekin harreman hurbila izan behar dugu gure lanean»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 22a

Zuzen Karraskedo Mañonea aholkularitza eta aseguru agentziako burua da.

Zuzen KARRASKEDO MENDIBERRI MAÑONEA AGENTZIA

1995ean sortu zuen Zuzen Karraskedo Mendiberrik Mañonea aholkularitza eta aseguru agentzia: «bertako enpresei, saltokiei, autonomoei, eta abeltzainei zerbitzu integrala eskaintzea zen asmoa. Mota guztietako aseguruak eta kontabilitate, zerga, lan eta lege arloko aholkularitza eskaintzea». Urteekin, merkatua aldatu dela ikusi eta eskaintzen dituzten zerbitzuak zabaltzen joan dira: «inmobiliaria lanetaz arduratu, kotxeen transferentziak egin eta barrideen komunitateak ere kudeatzen ditugu. 

Bere egitekoa esaldi bakarrean laburbildu beharko balu, argi dio: «jendearentzat buruhauste diren kontuak eramateaz arduratzen gara». Askorentzat arrotzak diren  tramiteak erraztea da asmoa: «guri dei bat egin eta egin beharreko tramite guztien ardura gure gain hartzen dugu, dena bideratzen dugu guk. Bueltaka ibili beharrik gabe, prozesu guztia errazten saiatzen gara». Urtetako esperientzia dute alde: «badakigu gai bat edo bertzea landu behar denean, nora jo behar dugun». 

Konfiantza gakoa

Zerbitzu ona eskaini ahal izateko konfiantza da bere ustez giltza: «Ez da egun batetik bertzera lortzen den zerbait. 30 urte daramatzagu hemen lanean, bertatik bertara zerbitzua eskaintzen. Bezeroekin harreman hurbila dugu, izen abizenez ezagutzen ditugu eta urteak daramatzagu Elizondon lanean. Saiatzen gara jendeak gugan konfiantza izan dezan». 

Horretarako, pertsonak jartzen dituzte erdigunean: «Guk ez dugu deiak automatikoki erantzuteko makinarik, telefono deiak guk geronek erantzuten ditugu eta saiatzen gara jendeak dituen arazoei ahalik eta irtenbiderik hoberena eta azkarrena ematen».  Ez dira gutxi eskaintzen dituzten zerbitzuak: «autonomo edo enpresa txiki baten fakturak hartu eta gu arduratzen gara kontuak eramateaz, BEZa egiteaz, Nafarroako Gobernuan errenta aitorpenak aurkezteaz... ezbeharren bat edo matxuraren bat gertatzen denean ere aseguruarekin edota gremioekin gu jartzen gara zuzenean kontaktuan».

Azken urteetan 

Esparru berrietan lanean ari diren arren, bada Mañonearen bereizgarri den zerbitzu bat: aseguruena. Hasiera hasieratik ari dira horretan lanean eta egiten duten aholkularitza lana azpimarratu du: «Bezeroari aditzea oinarrizkoa da. Zer nahi duen edo zerk kezkatzen duen...  bakoitzaren beharrak zeintzuk diren aztertu eta horietara egokituta, hainbat aukera planteatzen dizkiegu». 

«Zerbitzu ona eskaini ahal izateko konfiantza funtsezkoa da»

Bezeroei zerbitzurik hoberena eskaintzea da asmoa eta horretarako aseguruetan egin daitezkeen aldaketak ere kontuan izaten dituzte: «aseguru bat badute, poliza ekarri eta konparaketa bat egiten dugu. Hitzez hitz irakurtzen ditugu baldintza guztiak eta dagozkion zuzenketak egiten ditugu, bezeroaren beharretara ahalik eta gehien egokitzeko». 

Aseguru bat kontratatzerakoan

Zenbait faktore hartu behar dira kontuan aseguru bat kontratatzeko garaian: «etxebizitza mota, kokapena, etxeko ondasunen balioa eta egon daitezkeen arriskuak. Zer eta nola babestu nahi dugun jakin behar dugu eta aseguru etxeek eskaintzen digutenarekin bateratu. Ibilgailuekin ere berdin». Ezustekorik eta letra xeherik gabe: «aseguru bat kontratatzen denean, benetan zer sartzen den eta zer ez argi jakitea garrantzitsua da».

Bankuekin ere elkarlanean aritzen dira eta inbertsioetan aholkularitza eskaintzen dute. Horrekin batera, azken urteetan Irungo 3hiruHome inmobiliariarekin ere elkarlanean ari direla azaldu du Karraskedok: «pisuen salmentak, alokairu kontratuak… tramite horiek guztiak egiten dugu».

Barrideen komunitateak

Horiekin batera, aipatu du badela azken urteetan gorakada nabarmena izan duen lan esparrua: «barrideen komunitateekin geroz eta gehiagotan lan egiten dugu». Kudeaketa osoaz arduratzen dira: «kontuak eramateaz, baimenak eskatzeaz…  bileretarako deialdia ere guk egiten dugu eta bilerara joan, akta egin eta bizilagunen artean banatzen dugu». 

Ez dira horiek barrideen komunitateetan eskaintzen dituzten zerbitzu bakarrak: «obraren bat egin behar badute ere gu arduratzen gara aurrekontuak  eta dirulaguntzak eskatu eta obraren segimendua egiteaz. Matxuraren bat baldin badago ere, guk hitz egiten dugu aseguruarekin edota gremioekin eta arazoari irtenbidea ematen diegu». Bezeroek eskertzen duten zerbitzua dela azpimarratu du: «barrideek guri deitu, eta kitto! Inork beretzat nahi ez duen ardura hori gure gain uzten dute eta badakigu, horrela, gaizki ulertuak eta kezkak ere gutxitzen direla».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun