Atzoko egunean Pijamaren Eguna ospatu zuten Almandozko eskolan eta familiaren eta zaintzaren garrantzia, haurrek eduki beharko lituzketen eskubideak eta norbere desioak izan zituzten solasgai jardunaldi diferenteen bidez.
Batetik, Magale Elkartea erreferentziatzat hartuta harrera familien inguruan aritu ziren. Are gehiago, Magale Elkarteko kide den Ana Fernandez Pijama Egunera batu zitzaien eta harrera familia gisa bizitako esperientzia partekatu zuen.
Bertzetik, berriki izandako Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren seinale egin zuten. Hala, eskubideak zer diren eta haurrek eduki beharko lituzketenak zein diren ikasi zuten eta familian bizitzeko eta zaindua izateko eskubideez aritu ziren batez ere. Halaber, munduko leku anitzetan eskubide horiek betetzen ez direnaren kontzientzia hartu zuten.
Azkenik, eskolan sortutako desioen zintzilikaria betetzeko tartea hartu zuten eta desioak idatzita etxetik ekarritako oihal zatiak zintzilikatu zituzten.