Igande honetan Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa jokatuko dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 20a

Joan den urtean, sari nagusia Leitzako Jose Manuel Zabaleta eta Jose Miguel Gonzalezentzat izan zen.

Hasi da Euskal Herriko XVII. Mus Txapelketako kanporaketa. Otsailaren 22ra arte herriz herriko kanporaketak jokatuko dituzte, herrialde bakoitzeko finalak martxoaren 7an izanen dira, eta final handia martxoaren 28an Gipuzkoan jokatuko dute, Amasa-Villabonan.

Elizondoko Intza ostatuan igande honetan, azaroaren 23an, jokatuko dute kanporaketa, 16:30ean.

Joan den urtean, Euskal Herri osoko 230 herri ingurutan jokatu zituzten txapelketako lehenbiziko kanporaketak, eta horietako aunitz eskualdean izan ziren. 2.515 bikotek parte hartu zuten, eta ez hori bakarrik, joan den urteko txapela eskualdean gelditu zen: Jose Manuel Zabaleta eta Jose Miguel Gonzalez leitzarrak nagusitu ziren.

Aurtengo edizioari begira, hasiak dira kanporaketak zehazten, baina norbaitek bere herrian txapelketa antolatu nahi badu lotura honetan sartuta egiten ahal du.

Sariak

50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan, eta hauek dira sari nagusiak:

  • Txapeldunak: Txapela, garaikurra, 3.000 € eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat (*Karibera dena barne).
  • Txapeldunordeak: Garaikurra, 1.500 € eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia (*Karibera dena barne).
  • Hirugarren bikote sailkatua: 750 € eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.
  • Laugarren bikote sailkatua: 500 € eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.
  • Borzgarrenetik zortzigarrenera sailkatutako bikoteentzat: 250 €.
  • Bederatzigarrenetik hamaseigarrenera sailkatutako bikoteentzat: 100 €.
  • Herrialdeetako finaletan: txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkariak eta afariak...
  • Parte hartzaile bakoitzarentzat kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun