Txilardi hezeak berreskuratzeko intentzioarekin igandean Belaten egitekoa zen boluntarioen saioa gibelatu dute

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 20a

Natura 2000 sareko gune babestuetako habitatak eta espezieak lehengoratzeko helburua duen Life Global proiektuaren barrenean, igande honetan hitzordua egina zuten Belaten. Baina eguraldi iragarpenagatik data gibelatzea erabaki dute.

Nafarroako Natura 2000 sare osoan, Baztanen Kontserbazio Bereziko Eremuak hiru dira: Belate, Aritzakun-Urritzate-Gorramendi eta Orabideko erreka, eta Arxuriko zohikaztegia. Hiruetan txilardiak eta larreak garatzen ari dira.

Life Global, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako ingurumen kudeaketan ari den Orekan sozietate publikoa daude proiektuaren gibelean, eta adierazi dutenez, «Gorramendin, txilardi higrofiloak dituzten larre azidofiloen mosaikoaren azalera handia dago. Belate eta Arxuriko zohikaztegiek eta Alkurruntzeko hezeguneak, berriz, berebiziko garrantzia dute txilardi higrofiloak kontserbatzeko».

Gaineratu dutenez, «Belatekoa, Iberiar Penintsulako ipar erdialdeko zohikaztegi garrantzitsuenetako bat da. Ia lau metroko sakonerako zohikatz depositu bat du, 15.000 urte baino gehiago dituena. Hala ere, 90eko hamarkadan zohikaztegiko landaredia ia desagertuta zegoen». Azken urteotan, ordea, lehengoratzeko jarduerak egin dira, eta igande honetan, bertzeak bertze, lehengoratzeko esperientzia horren emaitzak bertatik bertara ikusi eta txilardi hezeetan «ingurumen balio handiko eremuak leheneratzeko lanean» aritzekoak ziren.

Eguraldi txarra iragarria denez, bertze egun baterako utzi dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun