Larrialdi klimatikoaz mintzo, kapitalismoa izan zuen hizpide Hickel ekonomialiariak Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 18a

Larunbateko hitzaldia Arizkuneneko goitiko gelan. Argazkia: Utzitakoa.

Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarre kulturguneak antolaturik, Jason Hickel ekonomia antropologoak Elizondon eman zuen hitzaldia larunbatean. Hala, kapitalismoak larrialdi klimatikoan duen eraginaz aritu zen eta aldaketarako bidean Txina hartu zuen adibidetzat.

Azaroaren 15ean, Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarre kulturguneak antolaturik, Jason Hickel ekonomialari katedradunak hitzaldia eman zuen Arizkunenean. Aldibereko itzulpen zerbitzua eskaini zuten entzuleendako eta egungo larrialdi klimatikoaren bueltan kapitalismoak duen eraginean zentratu zen ekonomialaria.

Baztango Talde Ekosozialak Hickelen erranak bildu ditu eta labur-laburrean hurrengoa adierazi du: «Oraingo krisi ekososizal eta klima larrialdian, kapitalistek ekoizpen bitartekoen jabetzaren bidez ekoizten diren ondasun eta zerbitzuak zein diren erabakitzen dutela erran zuen; betiere, etekin ahalik eta gehien eskuratzeko helburuz, ez jendeen beharretan pentsatuz».

«Krisi sozial eta ekologikoarekin akitu nahi bada, langileek erabaki beharko dute zer produzitu, horretarako ekonomia eta bizitzako bertze arloak demokratizatuz»

Bide beretik, ematen ari den gainprodokzioaz mintzatu zen Hickel eta gizakiaren beharrak asetzeko gaur-gaurkoz erabiltzen diren baliabideen %30arekin, soilik, aski izanen litzatekela azpimarratu zuen. Hari berari jarraiki, katedradunak kapitalismoaren etengabeko hazi beharra eta gizarteak maila sozial zein ingurmen arloan duen hobetzeko nahia desberdindu nahi izan zituen: «Kapitalak ez ditu jendearen desirak kontuan hartzen, ezta ongizatea ere. Produkzio bitartekoen jabe handiek erabakitzen dute etekinak handitzeko helburuaz. Hortaz, krisi sozial eta ekologikoarekin akitu nahi bada, langileek erabaki beharko dute zer produzitu, horretarako ekonomia eta bizitzako bertze arloak demokratizatuz».

Bide batez, kapitalismoak eta haren oinarrian dauden botere monopolizatu eta irabazi asmoek indarrean segitzen duten bitartean larrialdi klimatikoa etetea ezinezkoa izanen dela irgarri zuen Hickelek eta argi utzi zuen: «Erregai fosialak esku gutitan pilatuak daude, eta horrek monopolioa ekartzen du: prezioak finkatzeko ahalmena eta alimaleko negozioak egiteko aukera. Energia berriztagarriek, berriz, irabazi aise gutiago ematen dituzte, han eta hemen barreiatuak daude, ez dira monopolistikoak, eta hortaz, botere politiko eta ekonomiko kontzentratuen kaltetan da. Horregatik ari dira Trump, eskuina eta ultraeskuina berriztagarrien kontra». 

Txina hizpide

Aldaketarako bidean, katedradunak Txina izan zuen hizpide eta han, kapitalaren irabazi nahiak neurri batean baztertu eta politika industriala interes nazionalaren arabera antolatu dutela jakinarazi zuen. Gisa berean, herrialdea egiten ari den zenbait proiektu onuragarriren bueltan mintzatu zen eta bertako oihanberritzeak nabarmendu zituen. Azkenik, bere iduriz larrialdi klimatikoari buelta emateko gakoa honakoa dela aipatu zuen: «Botere politikoa eskuratu behar da, alternatiba integralak bultzatzeko, produkzio bitartekoen jabetza demokratizatzeko eta jendeen beharrak asetzeko: etxebizitza, osasungitza, zerbitzu publikoak, oihan berritzeak, garraio publikoa…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun