Baztanen eta, batez ere, Elizondoko Osasun Zentroan mediku falta nabaria dago aspaldi. Egoerarekin «kezkatuta» herritarrak mobilizatzen hasi ziren duela urtebete baino gehiago eta, oraingoan, mobilizazioek beraien fruitua eman dutela adierazi dute Baztango Udaletik: «Mobilizazioek eragina izan dute eta erretiratutako mediku batek prestutasuna agertu du, erretiroa utzi eta Elizondoko Osasun Etxean lanean aritzeko».
Medikua Elizondoko Osasun Etxean heldu den astetik aitzinerat lanean hasiko denaren berri eman dute eta Baztango Balleko Etxetik medikuari esker onak adierazi dizkiote: «Berri pozgarria da, dudarik gabe, eta hemendik bere prestutasuna eskertu nahi dugu». Hala ere, argien ondoan ilunak ere agertu dituzte eta etxebizitzari lotutako kezkak azaleratu dituzte; horrela, bide beretik, herritarrei zuzendu zaizkie: «Nabarmena da Baztanen alokairuko etxebizitza falta nabarmena dugula. Zuen laguntza behar dugu. Borondate oneko mediku honendako gutti goiti-beheiti urtebeterako alokairuan emateko etxebizitza bila gabiltza».
Azkenik, norbaitek medikuarendako etxebizitza alokairuan eman nahi izanez gero, alkatetza@baztan.eus helbidera idaztea eskatu dute.