«Musikarekin zerbait egin nahi dugula argi dugu gaur egun»

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 16a

Meoki eta Viguria elkarrekin kantari Anizen. Argazkia: Edurne Biguria.

Olaia MEOKI eta Joana VIGURIA, Elizondoko musikariak.

Meokik eta Viguriak argi dute musika dutela pasio eta elkarren artean lotzen dituen haria. Halaber, oholtzetara igaten hasiak dira eta elkarrekin partekatzen duten heziketaz mintzatu dira

Olaia Meoki eta Joana Viguria musikari elizondoarrak, «ttikitatik lagun onak» izan dira eta gaur-gaurkoz eszentaokira igaten diren bakoitzean bistakoa da taldekide baino gehiago lagunak ere badirela. Musikarekin arras konektatuak sentitu izan dira beti eta, bide batez, musikarekiko atxikimendu horrek lagun bezala gehiago elkartu zituela aitortu dute: «Betidanik egin nahi izan dugu zerbait musikarekin eta inork ulertzen ez zizkigun ideia horiek elkarren artean partekatu izan ditugu beti». Horrela, ideia horiei forma ematen hasiak dira poliki-poliki eta beraien ahotsak, gitarraren laguntzaz, entzungai izan dira aurten zenbait eszenatokitan. Gaurkoan, orain arte ibilitako bideaz hausnartzeko tartea hartu dute eta etorkizunera begira ere jarri dira, oraindik «ikasteko eta baita emateko ere anitz» gelditzen zaiela ziurtatuz.

Ttikitatik sentitu izan zarete musikarekin konektatuta?

Baietz erranen genuke; musika munduan ttikitatik egon baikara murgilduta, nahiz eta gure zalantzak eta goiti-beheitiak eduki izan ditugun urte luzez. Haurrago ginelarik, musika eskolara edota koro ttikira joatea ez baikenuen zentzuzkoa ikusten, eta urtero utzi nahi genuela errepikatzen baikenuen. Hala ere, bazen zerbait urtero segitzera bultzatzen gintuena eta gaur egun segitu izana eskertzen dugun zerbait da; musikarekin zerbait egin nahi dugula argi ikusten dugulako orain. Beraz, eskerrak musika alde batera uztea erabaki finkoa izan ez zela.

Nola hasi zineten elkarrekin jotzen?

Elkarrekin kantatzen eta baita dantzatzen ere aritu izan gara beti. Oroitzen gara haurrak ginelarik eskolako lanak egiteko edota ikasteko gelditu eta kantari akitzen genuela beti; ekidin ezin genuen zerbait izanen balitz bezala. Gainera, batxiler eszenikoa egitea erabaki genuen biok eta erran daiteke hor garatu genuela musikaz baliatu eta elkarrekin zerbait sortzeko nahia.

Bertzalde, nola eman zenuten eszenatokietara igotzeko pausoa?

Egia erran, ttikitatik eszenatokira igatea ametsa izan bada ere, elkarrekin jotzen hasi ginenetik ez dugu eszenatokira igotzeko pretentsio handirik eduki. Beti ibili izan gara proiektu eta ideiaren batekin hemendik eta harat, baina, etorkizunean sobera pentsatu gabe; momentuan sortzen ari ginenarekin disfrutatzea aski izan dugulako beti. Hortaz, eszenatokietara igotzea aitzinera pauso bat baino gehiago, prozesuaren baitako pauso gisa hartzen dugu. Azken batean, oholtza gainean edota azpian egonda ere musikaz eta egiten dugunaz disfrutatzen badakigulako.

Meoki eta Viguria beraien lehenbiziko emanaldian Baztandarren Biltzarran. Argazkia: Utzitakoa.

«Ingurukoen partetik biltzen dugun babesa handia da»

Zein izan zen zuen lehenbiziko emanaldia?

Aurtengo Baztandarren Biltzarra egunean, bazkalondoan, eman genuen lehenbiziko emanaldia. Hitzekin deskribatu ezin dugun momentu berezia izan zen hura eta emozio handiz gogoratzen ditugu familia zein lagun artean kantari partekatutako ordu horiek.

Berriki Anizko bestetan ere izan zineten…

Bai, hala da eta egun arras berezia izan zen hura. Anizko herriak eskaini zigun kontzertua emateko aukera eta ikaragarria izan zen guretzat, leku batean gure ahotsak entzun nahi zituztela konturatu ginelako. Hortaz, arras eskerturik gaude.

Meoki eta Viguria elkarri eskua ematen, egindakoarekin kontent eta harro. Argazkia: Edurne Biguria.

Zein garrantzia hartu du musikak zuen bizitzetan?

Garrantzia handia dauka, nahiz eta batzutan erraza ez izan; musika egiteak eta musika egiten ikasteak ibilbide luzea dakarrelako. Erran daiteke etengabe ikasten ari garela; ez dakigun horri aurre egiten, akatsetatik ikasten eta irri eta esperientzia berrien artean gure bidea ibiltzen.

Nola sentitzen zarete elkarrekin kantatzen duzuenean?

Arras ongi ezagutzen dugu elkar eta hortaz seguru sentitzen gara, elkarri segurtasuna eskainiz ere maiz. Hanka sartzeak onartzen ditugu eta badakigu hanka sartuz gero bertzea hor egonen dela hutsegiteari inportantzia kendu eta hura xamurtzeko.

Bertze artisten bertsioak kantatu ohi dituzue maiz, baina, martxoak 8rako, Zuengatik zuen lehenbiziko abesti propioa plazaratu zenuten…

Aspalditik bagenekien martxoak 8rako zerbait egin nahi genuela, nahiz eta zer egin nahi genuen argi ez eduki. Beraz, bagenituen ideiak elkartu eta uztartuz lanean hasi ginen eta azkenean, Zuengatik, emakume ororen ahotsak bildu eta entzunaraztea helburu duen kantua, sortu genuen. Irri anitz bota genituen eta gogotsu aritu ginen prozesu osoan eta abestia plazaratzean urduritasunak lekua hartu bazuen ere, babes handia bildu genuen ingurukoen partetik.

«Ziur gaude ikasteko eta emateko anitz dugula oraino»

Etorkizunera baduzue zerbait burutan?

Etorkizunera begira proiektu anitz ditugu buruan jiraka eta biraka; hala ere, kontziente gara denbora behar dela horiek gauzatu ahal izateko. Beraz, gure bidea ahalik eta hobekien ibiltzen saiatuko gara, presarik gabe eta heziketari bere lekua utziz. Ildo beretik, akatsei ere beraien lekua utziko diegula argi dugu, prozesuaren parte direla sinesten dugulako. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun