Baztango Liburutegi Publikoan orain arte zegoen liburuzainak lanpostua utzi eta alde egin izanagatik liburutegia asteartetik hetsita dagoela adierazi du Baztango Udalak. Are gehiago, erabiltzaileen gisara udalari berari ere albisteak «harridura» sortu diola aitortu du eta eragin ditzazken eragozpenengatik barkamena eskatu du: «Ez dugu hetsituraren berririk jaso, estraofizialki jakin dugu orain arteko liburuzainak postua utzi duela». Bidenabar, liburutegiaren kudeaketa, Nafarroako Liburutegi Sarearen ardurapekoa dela aipatu du eta liburutegia irekitzen ez zela ikusita azalpen bila horrat jo behar izan duela esplikatu du.
Bide beretik, Nafarroako Liburutegi Sareari «ordezko bat lehenbailehen bilatzea» exijitu diola jakinarazi du, baina, aitzinetik bizitako antzeko esperientziak ere gogorarazi nahi izan ditu: «Informazioa falta dugu, zehaztasunik ez dugu, baina, aitzineko esperientziek liburuzain gabezia aste batzuz luzatu daitekela erakusten digute».
Alternatibak
Udalak baliabide tekniko zein ekonomiko faltagatik bere kabuz liburuzain bat kontratatzea ezinezkoa duela iragarri du; hala ere, herritarren beharrak neurri batean betetzeko asmoz, alternatibak proposatzeari ekin dio: «Behar izanez gero, Arizkuneneko beheitiko solairuko erakusketa gelan aulkiak eta mahaiak jartzeko prest gaude; horrela, liburutegia hetsita egon bitartean ikasteko edota lanak egiteko aukera eskainiz». Ildo beretik, zerbitzu hori bermatzea nahi izanez gero, Baztango Balleko Etxera hurbiltzea edota eskaera elektronikoa egitea eskatu du udalak.