Jason Hickel ekonomia katedradunarekin hitzaldia eginen dute etzi Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 13a

Jason Hickel antropologo ekonomikoa.

Mintzaldia azaroaren 15ean izanen da, 17:00etan Arizkunenean, eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute

Aldaketa klimatikoarekin kezkatuta, Baztango Talde Ekosoziala elkarteak «tinko» eusten dio «mundu jasangarriago bat bermatzeko bideari». Helburu horrekin, hainbertze hausnarketa eta hitzordu antolatzen ditu eta, oraingoan, azaroaren 15ean Jason Hickel antropologo ekonomikoak Baztanen geldialdia eginen duela iragarri du.

Akelarre kulturguneak eta Baztango Talde Ekosozialak antolaturik,  Jason Hickel antropologo ekonomikoak Arizkunenean solasaldia eskainiko du, eta egungo krisi ekosozialaz eta kapitalismoak larrialdi klimatikoan duen eraginaz mintzatuko da. «Ekonomiaren etengabeko hazkundea kapitalismoaren ezaugarrietako bat» dela adierazi du talde ekosozialak. Horrek, bere irudiko, «hainbertze ondorio sozial, politiko, kultural eta ekologiko ekarri ditu, eta oraingo fase historikoan, Palestinaren gisako genozidioa eta klima larrialdia».

Bidenabar, analisi historikoak aparte, gaur egungo joerak izanen ditu aztergai eta Txinaren kasua hartuko du adibidetzat. «Horrela, desberdintasun globalez, ekologia politikoez, post garapenaz eta desazkundeaz, eta ekonomia ekologikoaz ariko da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun