Larunbatean Lekarozen jokatutako partidan hamazazpina berdindu zuen Betsaide-Elorrio errugbi taldearekin
Markagailua ia partida guztian etxekoen alde egon zen, baina Elorrioko taldea berdinketa lortzeko gai izan zen. Bi taldeen defentsa sendoak izan ziren partidako ezaugarri nagusia. Bi taldeen erasoek, aldiz, ez zuten zehaztasun handirik izan, ziurrenik eguraldiarengatik; horregatik, partida nahiko trabatua izan zen Lekarozen.
Lehen zatia, BRT Menditarrak taldearen aldeko 7-0 batekin akitu zen, talde bizkaitarrak ezin izan baitzuen aukera argiegirik sortzea lortu. Lehenengo berrogei minutuetan zelai erdian igaro zen jokoaren zatirik handiena eta bi taldeen 22ko guneetara gutti hurbildu ziren.
Bigarren zatian erasorako gogo gehiago erakutsi zuten bi taldeek. Partidaren dinamika nabarmen aldatu zen eta hau Elorrioren entsegu goiztiarrean islatu egin zen. BRT Menditarrak taldeak merituzko defentsa lanak egin zituen. Nolanahi ere, talde bizkaitarrak une batez markagailuan inposatzea lortu zuen, 7-10. Kanpoko taldeko bigarren entseguaren ondorioz, baztandarrak erasora joan ziren eta berriz ere markagailuan aitzinetik jartzea lortu zuten. Azkenean, ordea, hamazazpinako berdinketarekin akitu zen partida, nahiz eta bi taldeek garaipena lortzeko aukerak izan zituzten.
Larunbateko berdinketaren ondotik, ligako sailkapenean aldaketa handirik eragiten ez duten bi puntu lortu ditu BRT Menditarrak taldeak. Baina taldean sentsazio onak utzi ditu berdinketak, azken finean iazko ligako txapeldunaren kontra parez pare jokatzea lortu baitzuten. Orain partidarik gabeko asteburua dator, non talde baztandarrak lanean segituko duen Bilbon jokatuko duen partidari begira.