Ninonino Egunean, bihotz-birikak bizkortzeko ariketak edo larrialdietan herritarren arteko lankidetzari buruzko tailerrak egin dituzte, baita trafiko istripu edo etxe suteetan erreskate erakustaldiak ere
Herritarrendako arras baliagarriak zaizkigun hainbat praktika erakutsi zituzten suhiltzaileek larunbatean: bihotz-biriketako bizkortze ariketak nola egin edota nola erabili desfibriladorea; larrialdi ekipoak ailegatu bitartean nola jardun behar den… Egoera kritikoetan bizilagunekin lankidetzan aritzeko jarraibideak ere azaldu zituzten, suhiltzaileak iritsi eta ondotik laguntzeko eta larrialdia larriagotzeko zer ez den egin behar jakiteko.
GPS nabigazioaren oinarrizko nozioak ere erakutsi zituzten, kokapen zehatzak larrialdi zerbitzuekin (112) nola eman behar diren erakutsiz edo erreskatea nola eskatu behar den zehaztuz. Azkenik, etxeko sute bat nola prebenitu eta, sute kasuan batean suhiltzaileak ailegatu arte sua ahalik eta gehien geldiarazteko zer egin behar den edota nola saiatu behar den sua moteltzen azaldu zuten.
Erreskate erakustaldiak trafiko istripuetan, suteetan eta su itzalgailuak erabiltzeko tailerra
Jardunaldiaren bigarren zatian, zenbait erakustaldi praktiko egin zituzten: trafiko istripu batean istripua izan duen pertsona bati nola lagundu behar zaion, edota su itzalgailuen erabilerari buruzko azalpen praktikoak. Han bertan, interesa agertu zutenekin su itzalgailua suarekin erabiltzeko aukera izan zuten, eta sukaldean olioa erretzen ari den zartagin batean sute bat izanez gero nola jokatu behar den azaltzeko erakustaldia ere egin zuten.
Bertze jarduera batzuk
Suhiltzaileen lanari buruzko informazioa emateko ere baliatu zuten larunbateko jardunaldia: bihotz-biriketako bizkortze ariketak eta desfibriladorea erabiltzeko praktikak panpinekin, haurrendako tailer didaktikoak eta baita suhiltzaile profesional gisa lan egiteko informazioa ere (sarrera probetan eskatzen den proba fisikoren batekin saiatzeko aukera, konparaziora).
Azkenik, ttikienendako ginkana bat prestatu zuten eta ibilaldiak egin dituzte errekan zodiac batean.