Alkateak sinatutako eskaeretan, bertzeak bertze, 2014an Baztango Udalak eta enpresak sinatutako hitzarmena ekarri dute gogora, akordio horretan, «sarbide berriak udalaren eta herriaren oniritzia beharko lukeela» zehaztu zutela oroitaraziz. Bide beretik, 2012ko apirileko batzarrean egindako galdeketaren emaitzak ere aipatu dituzte: «Sarbidea Abreiko (herrigunearen ekialdeko) aldetik egitearen aldeko 67 boto izan ziren; 21 boto Gonjure aldeko sarbidearen aldekoak (mendebaldetik) eta 48 boto egungo bidearen aldekoak (herrigunea pasatuz)». Idatzian ageri denez, «gaur egun, emaitza horiek indarrean segitzen dute. Urriaren 22ko batzarrean, Abreiko aldeko aldeko 22 boto izan ziren eta bi kontra». Etxeberriaren hitzetan, emaitzak «herriaren nahiaren erakusle dira».
2014an Baztango Udalak eta enpresak sinatutako hitzarmena ekarri dute gogora, akordio horretan, «sarbide berriak udalaren eta herriaren oniritzia beharko lukeela» zehaztu zutela oroitaraziz
Aurrekariak
Bidearen eztabaida ez da berria. Canteras Acha SA enpresak duela urte batzuk paratu zuen mahai gainean Arritxuri harrobirat ailegatzeko bide berri bat eraikitzeko egitasmoa. 2018an bidea eraikitzeko hamar aukera erakusten zituen ikerketa aurkeztu zuen, eta aldi berean, enpresari proiektua garatzeko baimena onartu zion Nafarroako Gobernuak. Horrez gain, bide berria Almandozko herriko ekialdetik egitea hobetsi zuen gobernuak, «mendebaldetik egiteak ingurunean eragin negatibo handiagoa» izanen lukeela adierazita.
Eragin «negatiboak
Berriki, enpresak berriz hartu du bide berriaren egitasmoa esku artean. Etxeberriak sinatutako eskaeran ageri denez, proiektuan «enpresak bidea mendebaldetik eraikitzeko alternatiba aurkeztu du eta 2018an aztertutakoak baino eragin handiagoa izanen luke». Horrekin batera, proiektuaren eragin negatiboak zerrendatu dituzte, tartean, «ingurumenean izanen lituzken eragin larriak eta eragin sozioekonomikoak».
Alternatiba berriak, bertzeak bertze, «harizti eremu handietan, bide publikoetan eta pribatuetan, iturburuetan, gutienez hiru ur korronte natural pasatzen diren mendi hegalean... eragin nabarmena edukiko lukeela» diote herritarrek, eta proiektuan «eragin hauen inguruko aipamenik egiten ez» dela adierazi dute. Iturburuei dagokionez; «bata, herria larrialdi kasuetan urez hornitzen duen iturria izanen litzateke eta bertzea herriko abeltzaintza esplotazio bat urez hornitzen duena».
Aurkeztutako obrak aitzinera eraman ahal izateko, «lur mugimendu handiak» eginen lituzketelakoan dira herritarrak. «Proposatutako jarduerak desmonte handiak eskatzen ditu, punturen batean 20 metrotik goitiko desnibela dutenak. Baina desnibel horiek minimizatu egiten dira proiektuaren deskribapenean, horiez arduratzeak gehiegizko koste ekonomikoa sortuko lukeelako. Hala ere, horrek lur erortzak izateko arrisku larria dakar».
Proiektuaren idazketan, enpresaren «erabateko zehaztasun eta sakontasun falta» ere salatu dute almandoztarrek, eta «baieztapen faltsu eta interesatuak» egin izana leporatu diote, «errepide berriaren errealitatea leuntzeko asmoz eginak». Honela gehitu dute: «Bide berria hilerriaren ondotik eta abeltzaintzako ustiategiak dauden eremutik pasatuko litzateke, horiek kaltetuz eta okupatuz».
«Harrobiko errepide berria egiteko edozein ekimen edo proposamen dela ere, nahitaez ingurumen eraginari buruzko txosten arrunta behar luke, lur horiek Natura 2000 Sareko eremuan daudelako (Belate KBE)».
Natura 2000 Sarea
Argi mintzatu da Almandozko herria; proiektua erretiratzeko eskatu du, «ez delako bateragarria ingurumena babestearekin, lurraldearen jasangarritasunarekin eta kaltetutako herritarren ongizatearekin». Gehiago ere bai: «Harrobiko errepide berria egiteko edozein ekimen edo proposamen dela ere, nahitaez ingurumen eraginari buruzko txosten arrunta behar luke, lur horiek Natura 2000 Sareko eremuan daudelako (Belate KBE)».