KAXTRAIL mendi lasterketa antolatzen ari dira Erratzun Xabier Rekarte 'Kaxtel' zenaren oroigarri

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 3a

Kaxtelen oroigarria.

2026ko urriaren 24an, KAXTRAIL «mendiaren eta auzolanaren besta» ospatuko dute Erratzun, Xabier Rekarte Kaxtel erratzuarraren heriotzaren 10. urtemugaren bueltan

Heldu den urtean Xabier Rekarte Kaxtel erratzuarraren heriotzaren 10. urteurrena izanen da eta haren oroigarri gisa, herritarrek KAXTRAIL mendi lasterketa antolatzeari ekin diote. Bide batez, Kaxtel zena eta haren izatearen balioak oroitzea izanen dituzte helburu: mendiarekiko pasioa, laguntasuna eta elkarlana. Hortaz, lasterketa hutsa izateaz gain, kirola, kultura eta auzolana uztartuko dituen egun berezia izanen dela ziurtatu dute antolatzaileek: «Mendi lasterketa bat baino gehiago izan dadin nahi dugu: kirola, mendia eta herria batuko dituen topaketa. Ez da edizio gehiagorik eginen; KAXTRAIL bakarra eta berezia izanen da».

Hiru modalitate

Besta berezi hau ospatzeko data heldu den urteko urriaren 24an finkatu dute, Erratzun. Horrela, orotara 3.000 metroko desnibela edukiko duen 45 km-ko mendi lasterketa antolatu dute eta hura egin ahal izateko hiru modalitate bereizi dituzte. Lehenbizikoa, mendizale eta lasterkari ausartenentzat izanen da eta 45km-ak lasterka egitea izanen da modalitatearen erronka nagusia. Bigarrena, berriz, binakako proba mistoa izanen da eta ibilaldia mutiko eta neska batez zein bi neskez osatutako bikotean ibili beharko da, bakoitzak bidearen zati bat eginez. Azkenik, hirugarrena, erritmo lasaian burutzeko ibilaldi mendizalea izanen da eta naturaz eta giroaz gozatzea izanen du helburu nagusia. 

Gehiago ere bai: egunean berean, lasterketaz gain; musika, gastronomia eta ekitaldi kulturalak eskainiko dira Erratzun eta herria lasterkariendako zein lagun eta senideendako bilkura leku bihurtuko da.

Bertzalde, hemendik guttira lasterketaren ibilbide zehatza jakinaraziko dute eta parte hartzeko izen ematea irekiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun