Urriaren 4an, XII. Topaketa Morea egin zuten Donezteben eta urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Hortaz, hari berari jarraiki, Elizondora hurbilduko dute oraingoan landa eremuko emakumeen egoeraz hausnartzeko aukera eta 'Emakumeen parte-hartze politikorako oztopoak eta aukerak: denok partekatzen duguna' mahai ingurua eginen dute. Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatu du solasaldia eta Elizondoko liburutegian eginen dute bihar, 18:30ean.
Saioaren helburua «emakumeen ibilbide politikoetan agertzen diren ezberdintasun, indarkeria eta ikaskuntza esperientziak partekatzea eta aztertzea» izanik, ikuspuntu diferenteak eskaintzeko hiru emakume diferentek parte hartuko dute: Aintzane Ariztegik, militante feminista eta politikariak; Arantxa Arregik, Doneztebeko alkate eta CEDERNA GARALUR elkarteko lehendakariak; eta Alazne Sansiñenak, Elizondoko alkate juratu ohiak.
Elkarrizketan zehar, hizlariek zenbait gai izanen zituzten solasgai, horien artean; emakumeen partaidetza politikoaren oztopo eta aukerak, oraindik ere gertatzen diren indarkeria motak, ahizpatasunaren eta laguntza sareen garrantzia eta berdintasuna lortzeko erronkak eta bide berriak. Bide beretik, emakumeek politikarekin loturan Baztanen bizi duten errealitatearen inguruko gogoetari pauso emanen diote.