Batzarrean Euskal Herriko eta nazioarteko egoera izanen dituzte solasgai eta «EH Bilduk daukan jardunaren eta izan beharko lukeenaren inguruan hausnartzeko» ere probestuko dute. Baztango EH Bilduk esplikatu duenez, «ohiko batzarretan landu ohi ditugun gai konkretuez harago, begirada jaso eta gai politiko orokorragoez ere solas egiteko aukera izanen dugu. Gainera, EH Bilduko zuzendaritzako kideekin zuzenean solas egiteko aukera bikaina izanen da».
Azaroaren 22ko manifestazioa
EH Bilduk urtero egiten duen manifestazio nazionala azaroaren 22an izanen da Bilbon. Baztango EH Bilduk kontatu duenez, «aurten Txiki eta Otaegi militante antifrankisten fusilamenduaren 50. urteurrena izanen du oinarri. Txikik berak fusilatu aitzinetik eskribitutako 'inoiz ez naiz lurpean egonen, askatasun haizea naiz' esaldian oinarrituta, Askatasun haizea lema izanen du manifestazioak». Hitzorduari begira, han parte hartzeko deia egin die Baztango EH Bilduk «Euskal Herriko independentista, antifaxista, feminista, euskaldun eta sozialista guztiei. Frankisten oinordekoei garbi errateko, Euskal Herritik ez direla pasako».
Eskualdetik autobusa antolatuko dute. Baztango kasuan, apuntatu nahi duenak Elizondoko Intza ostatuan eta Erratzuko Altxuko dendan eman behar du izena.
Agerraldia Amaiurren
Bertzalde, Hego Euskal Herriko EH Bilduko hainbertze hautetsik agerraldia egin zuten larunbat goizean Amaiurren, Gernikako Estatutuaren urteurrenean. Agerraldian, bertzeak bertze, Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailea eta Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramailea izan ziren.
Larunbatean, urriaren 25ean, Gernikako Estatutuak 46 urte bete zituen eta horrekin batera, Nafarroako Foru Hobekuntzak aurten 43 urte dituela oroitarazi nahi izan zuten. Data horretan, «Euskal Herriko ezker independentistak gure marko juridiko-politikoak eguneratzeko beharra dugula agerian utzi» nahi izan zuten.
«Leku sinbolikoa» delako aukeratu zuten Amaiur: «Amaiurretik egiten dugu, zatiketa administratiboen eta ukazioaren gainetik, gure izateko arrazoia bizirik mantentzen duen nazio baten erresistentziaren sinbolo den honetatik». Gaineratu zutenez, «Nafarroako Foru Hobekuntza eta Gernikako Estatutua ezinbestean eguneratu beharreko marko juridiko eta politikoak dira. Gure autogobernua eta foraltasuna berritu behar ditugu, haien erabilgarritasuna indartzeko. Espainiako Estatuak gure autogobernua behin eta berriz urratzen eta higatzen du, eta egoera hori lehenbailehen gainditu beharra daukagu».
Amaiurko hitzorduan, «gure esku dagoen botere politikoa berreskuratzeko unea» dela ere azpimarratu zuten, «garai honetako erronka handiei, klimakoa, linguistikoa, digitala, migratzailea eta eskubide eta askatasun berriei dagokiena, aurre egin ahal izateko tresnak eskuratzeko unea». EH Bildu «erabat sinetsita eta konbentzituta» dago «ez dagoela etorkizun hoberik subiranotasunetik eraikitzen dena baino, euskal nazioaren eta hemen bizi eta lan egiten dugun pertsona guztien oparotasunaren zerbitzura egonen dena». Gehiago ere bai: «Ez dugu inor baino gehiago izan nahi, baina ezta gutiago ere. Ez dugu legitimoki dagokiguna baino gehiago eskatzen, eta ez gaude gibelera egiteko prest».
Azaroaren 22an «Bilboko karrikak betetzeko deia» ere egin zuten, «burujabetzarako bidea elkarrekin egiteko, une historiko honen protagonista izan nahi duten milaka pertsonekin batera».