Zaintza ez da negozioa lelopean, Elizondoko plazatik abiatuta, manifestazioa egin zuten atzo Benito Menni zentroko langileek. Bukaeran «bihotz-bihotzez eskerrak» eman nahi izan zizkieten bildutakoei, eta «orain dela hilabete aunitz hasi genuen borrokan, elkartasunak indarra ematen» diela azpimarratu zuten.
«Eraikina hetsita, erabiltzaileei zerbitzua okertu zaie, 42 langileri eragin die eta baita bailarari ere, Benito Menni delako Baztango enpresarik handiena, eta bertako enplegua suntsitzeak bailara osoari egiten diolako kalte»
Horrekin batera, borroka noiz hasi zuten oroitarazi zuten. Joan den urte hondarrean Benito Menniko zuzendaritzak Elizondon dituen hiru eraikinetako bat hetsi zuen, eta horrek «guztioi kalte» egin diela esplikatu zuten. Alde batetik, erabiltzaileei «beraiek hartzen duten zerbitzua okertu delako»; bertzetik, langileei: «42 langileri eragin dielako eraikinaren itxierak, batzuk kaleratuak izan dira eta bertzeei lan baldintzak aldatu dizkiete»; eta azkenik, bailarari ere eragin diela salatu zuten; «Benito Menni delako Baztango enpresarik handiena, eta bertako enplegua suntsitzeak bailara osoari egiten diolako kalte». Langileak horren ondorioz hasi ziren mobilizazioekin, «enpresari eta Nafarroako Gobernuari egoera honen konponbidea adosteko eskatuz». Dagoeneko manifestazio, elkarretaratze eta greba egun saila egin dituzte eta azaroaren 7ra arte, greba egun gehiago iragarriak dituzte. Hala, 88 greba egun beteko dituzte.
Enpresari «hartu dituen erabakien ondorioak aztertuz, sortutako egoerari konponbidea eman diezaion» eskatu zioten atzo berriz. «Kalitatezko zerbitzua eman nahi badugu, langilerik ez da sobran. Eta langileok lan baldintza duinak behar ditugu: soldata duina, lanaldia murriztea, lan kargak jaistea...». Honela gaineratu zuten: «Ezin dira etekinak egin pertsonen zaintzaren kontura, ezta langileak prekarietatera kondenatuz ere».
Nafarroako Gobernuari ere mezu zuzena igorri zioten, «buru osasuneko zerbitzuak publikoa» izan beharko lukeela erranez, eta «dagozkion berezitasunak kontuan hartu» behar direla gehituz, «zerbitzuak behar dituen errekurtsoak eta lan baldintzak ezartzerakoan».
Gisa berean, «kalteen ardura» Nafarroako Gobernuarena dela aipatu zuten, «zerbitzuaren azken arduraduna» bera dela iritzita. «Diru publikoa erabiltzen da zerbitzu hau azpikontratatzeko; beraz, kalitatezko zerbitzua bermatzeko, lan postuak bermatzeko, langileentzako baldintza onak bermatzeko eta eskualdeko despopulazioan aitzinera ez egiteko erabili behar dela aldarrikatu nahi dugu».
«Langile gehienak emakumeak gara eta prekarietate egoeran gaude, genero arrakala pairatzen dugu eta diskriminazio garbia»
Benito Menniko langileak, «gehienak emakumeak» direla ere oroitarazi zuten; «prekarietate egoeran gaude, genero arrakala pairatzen dugu eta diskriminazio garbia. Eta hori guzia Nafarroako Gobernuaren onespenarekin eta enpresaren etekinak handitzeko». Gehiago ere bai: «Erabiltzaileak eta langileak ez gara merkantzia. Ez da zilegi, guri sortutako kalteak kontuan izan gabe, gobernuari eta enpresari interesatzen zaien proiektu berri bat aitzinera eramatea. Beraien ardura da, eta ondorioz, beraiei dagokien irtenbide duina ematea».
«Aldarrikapenak lortu arte» borrokan segituko dutela erranez akitu zuten atzoko manifestazioa.