Hiru hilabeteko epea dago Baztan Parkearen modernizaziorako akordioa lortzeko

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 24a

Baztan Abentura Parkea handitze eta modernizatzeko proiektuari buruzko erabakia hartu beharko du Baztango Batzar Nagusiak.

Urriaren 1ean egin zen Baztango Batzar Nagusian erabaki zen Baztango Udalari eta BKZ-Navarra Aventura enpresari hiru hilabeteko epea ematea Baztan Parkea handitzeko eta modernizatzeko proiektuari buruzko behin betiko akordioa lortzeko.

 

BKZk lau urte daramatza Batzar Nagusiak Baztan Park parkea modernizatzeko herri lurrak erabiltzeko eskaerari buruzko erabakia eman dezala eskatuz, eta oraindik ez da egin.

Mattari Alzuarte Gaztelu, BKZko gerenteak dioenez, «lau urte hauetan, jarraipen batzordeak sortu dira, hainbat teknikariren txostenak aurkeztu dira errepidea eraberritzeari buruz (Herri Lan Departamentuak egina), Baztango eta Nafarroako araudia betetzeari buruzko txostenak aurkeztu dira arkitekto-enpresa oso ospetsuek idatzitakoak, eta baita Nafarroako Lurralde Antolamendu Departamentuaren txostenak erakutsi dira, era berean proiektuaren helburuak, bideragarritasun soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa azaltzen dituzten bideoak ere argitaratu dira».

Alzuarteren erranetan, «ziur gaude Baztango biztanle gehienek proiektu hau babesten dutela (kooperatiba bat sortzeko asmoa dago), sektore turistikoarekin harremana duten gremio guztiei mesede eginen baitie, hala nola landetxeei, apartamentuei, tabernei, jatetxeei, kanpinei, taxiei, busei, dendei, artisauei eta abarrei, baita bertze aunitz gremioei (igeltseroak, argiketariak, iturginak, arotzak, arkitektoak, etab.), baita hezkuntza eta haur-sektoreei eta gazteei (eskolak, ikastolak, institutuak, Elizondoko LHko prestakuntza-moduluak...), ala nola kultura taldeei eta abarri ere lagunduko baitzaie babesletzarekin. Onura Baztango herritar guztientzat izanen da, zerga gehiago bilduz Ibarreko Ekonomia zirkularra bultzatuz eta baita balio erantsi handiko proiektu bat bultzatuz». Gainditu nahi den oztopoa da «udal arkitektoaren eta enpresak aurkeztu dituen bertze teknikari batzuen txostenen artean proiektuaren alderdi tekniko eta legal batzuei buruz egiten diren interpretazioak».

Baztango Udalak eskua luzatu du egoera ezohiko hori desblokeatzeko, eta BKZ-Navarra Aventuratik ere eskua luzatu omen diote Udalari. Horregatik, enpresak akordio bat lortzea bakarrik aurreikusten du, «gure ustez, hagitz posiblea da, baldin eta borondate zintzoa balego eta gai hau ikuspuntu teknikotik eta legaletik soilik jorratzen bada».

 

32 urteko enpresa

BKZ-Navarra Aventura Nafarroako turismo aktiboko enpresarik zaharrenetakoa da (32 urte ditu), eta «erakunde aunitzek arras ongi baloratzen dute profesionaltasun handia erakutsi duelakoz, hala nola Nafarroako Gobernuko Gazteria, Kirola eta Turismo Departamentuak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aldundiek eta abar». Horrez gain, hamaika udal, bidaia agentzia, kirol klub, gazte eta haur elkarte eta ehunka ikastetxek erabili dituzte bere zerbitzuak. Urteko sasoiaren arabera, 30-60 langilek lan egiten dute (urtean 53.000 jarduera baino gehiago egiten ditu turismo aktiboan), eta 2026ko erreserben % 75-80 bermatuta daude.

Horregatik guztiagatik, BKZko gerentearen ustez, «parkea modernizatzea ezinbertzeko beharra da, Baztan Park erreferentzia izan dadin turismo aktiboaren munduan, instalazio berriak erabat jasangarriak izanen dira kalitate izugarriarekin, eta horrela parkearen jarraipena bertze 50 urtez bermatua ahal izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun