200 postu baino gehiago
Irail erdialdean hasi ziren ferietako asteburuan begirada jartzen eta ordutik jira eta biraka ibili dira hemendik eta handik dena antolatzen: «Irailean hasi ohi gara urtero makineria erakustaldiaren, azienda erakusketaren, gasna lehiaketaren eta pilota partiden kontuak antolatzen. Are, urri hasieratik ia egunero elkartzen gara Elizondoko herriko etxean, 19:00etatik aitzinerat, dena lotu eta egun handiari forma emateko». Gaur-gaurkoz, postuen antolakuntzarekin «buru-belarri» dabiltzala aipatu dute, hori lan gehien eskatzen duena dela argi utziz: «Zailena postuak antolatzea izaten da, dudarik gabe; batzuek metro gehiago nahi izaten dituztelako, bertze batzuek leku aldaketak eskatzen dituztelako, gutti batzuek lehenengo aldia izan ohi dutelakoz…». Izan ere, 200 postutik goiti izaten dira eta denak plano batean sartzea eta ondotik, karrikan barna markatzen joatea buruhauste handia bihurtu litekeela aitortu dute; bakoitzaren zabalera eta dagokion zenbakia kontuan hartu behar baitira. Are, aurten moldaketak egin dituztela azaldu dute: «Urte aunitzen ondotik, metro bakoitza 20 eurotik 22€eurotara igotzea erabaki dugu eta horrez gain, gauez maite dugun herria zein postuak babesteko segurtasun zerbitzua kontratatu dugu».
Feria egunean
Egun handia ailegatuta, ardurak ez direla akitzen esplikatu dute eta feria egunean ere, goizean zehar, beraien presentzia eta parte hartzea ezinbertzekoak direla erran dute: «Goizean goiz, bikoteka antolatzen gara eta karrikak elkarren artean banatzen ditugu, postuak ongi kokatuta daudela baieztatzeko edota zerbaiten beharrean badaude horiei erantzuteko. Horrez gain, gasna lehiaketan gutako bat hor egoten da, beharrezkoa den materialaz arduratzeko; mahaiak, sariak, mikroak…». Hala ere, lanean ibili ondotik, gainerako herritarrek bezala, disfrutatzeko tartea hartzen dutela ziurtatu dute, «ederki» pasatzen dutela gaineratuta: «Behin goizeko lanak akituta, guri ere egunaz gozatzeko ordua ailegatzen zaigu eta ohitura onak galdu ez daitezen, elkarrekin bazkaltzen dugu feria eguneko menu berezia Santxotena jatetxean. Hortik pilota partidak ikustera abiatzen gara eta izaten den giro ederraz gozatzen dugu».
Telefonoa itzali
Behin egun handia pasatuta, berriz ere lanari ekin behar izaten diote; horrela, asteburua hetsi eta borobiltzeko: «Egun handia pasatuta, betebehar gutti batzuk falta izaten dira ardurekin akitzeko, horien artean, azienda garraioen ordainketak, makineriaren inguruko kontu batzuk, gasna lehiaketako gastuak…». Feria aitzineko hilabetetan telefonoari itsatsita egoten direla azpimarratu dute eta buruhausteek ere euren lekua hartzen dutela aitortu dute. Hortaz, behin zerrendako ardura guziak berdez markatzean, lasaitasunari paso emanez, hainbertze denboraz soinu eta soinu ibili duten telefonoa itzaltzeko ordua ailegatzen dela azaldu dute,: «Herriko telefonoa ondoko urtera arte itzaltzen dugu, bakarrik ferietako ibiltzen baitugu».
Lanak merezi du
Antolakuntzan jende gehiago egotea ongi legokeela ere aitortu dute eta herritar orori gomita zabaldu diote: «Une honetan lantaldean jendez exkax bagaude ere, aitzineko alkatetza taldeetan egondako kargudunen laguntza badugu eta zinez eskertzen diegu. Hala ere, herritar gehiago hurbiltzea ongi legoke, herriko etxeko ateak zabal-zabalik baitaude denendako». Are, lanak merezi duela nabarmendu dute: «Ordu pila bat sartzen ditugu eta ez dezagun atzendu gu ere boluntarioak garela eta geure lanak eta familiak ere hor daudela. Aldi berean, feria eguna egun berezia izaten da, inguruko herrietako jende pila bat hurbiltzen delako. Hortaz, aspaldian ikusi ez dituzunak ikustea izaten da egindako guziaren ordainsaria». Azkenik, feria eguna posible egiten duten eragile, babesle zein boluntario guziei eskerrak eman dizkiete eta herritarrei zentzuz eta errespetuz jokatzea eskatu diete.