Elkargunea
Hiru osagai horiek dituzte Elizondoko feriek eta horregatik, hitzordu berezia dira Larralderentzat, «gustatzen zait aunitz ferietako ortziralea. Gozatzeko eguna da eta sortzen den giroa arras berezia izaten da». Feriak «elkargunea» direla nabarmendu du: «Elizondok jartzen du tokia, baina baztandar guztiendako eta bertze tokietatik etorritako bisitariendako elkargunea dira». Feriek duten alderdi sozial hori azpimarratu du: «aspaldi ikusi ez duzun jendea ikusten duzu, ostatuan lagunekin edo etxekoekin gosaltzen eta bazkaltzen duzu, arratsean besta pixka bat egiten duzu... egun borobila izaten da». Aurtengo ferietarako gogoa bai, baina ez du nahi bertze bestaz gozatzerik izanen, «harategian aritzen naiz lanean, Feria Egunetan jende aunitz izaten da eta saltzeko aukera handia da. Lana tokatu zait eta ezin izanen dut libratu».
Aziendak saltzeko eta erakusteko eramaten dituzte Merkatu Plazara eta bere ustez, «aukera polita da jendeak pixka bat ikus dezan gure lana. Salmentarako behorren bat zaldikoren batekin, ardiak eta behiak eraman izan ditugu eta erakusteko, etxeko behorrak eta poniak».
Ortzirale goizean dena prest izateko, zertxobait fiteago hasi behar izaten dituzte beraiek prestaketa lanak: «aziendak libre ditugu mendietan eta horiek bildu behar izaten ditugu eta prestatu».

Udazken koloretan, azienda saila eta horien bueltan jendetza, argazki ederra ateratzeko aukera izaten da ortzirale eguerdian Merkatu Plazan. Hala ere, argazki denetan bezala, erakusten dena baino aunitzez gehiago ezkutatzen da gibelean: «Feria Eguna erakusleiho bikaina da guretzat, baina abeltzainek egiten dugun lana erakusten dena baino aise handiagoa da».
Etorkizunaz
Abeltzaintzaren etorkizunaz ere aritu da solasean Larralde eta belaunaldi berriendako «bidea geroz eta estuago» dagoela uste duen arren, ez dago amore emateko prest, «zerbait egiten ahalko dugu, ez dugu gurea den zerbait galtzen utzi behar eta saiatuko gara». Kezka eragiten dio, ordea, erreleborik ez izateak: «gazteen artean geroz eta interes gutiago dagoela uste dut». Feriak ere neurgailu egokiak dira: «Ni konparatzen naiz nire gurasoekin. Aziendak dituzten edo mundu hori gustuko duten ezagun pila batekin topo egiten dute ferietan. Ez dira bat, bat baino gehiago dira. Hor bueltaka ibiltzen garen gazteak, berriz, guti gara, denok elkar ezagutzen dugu eta jende berria erakartzea kosta egiten da».
Etorkizuna bermatu nahi bada, ezinbertzean, «lanerako baldintza duinak behar dituzte abeltzainek eta sektoreari bultzada emateko hainbat neurri hartu beharko lirateke: prezioen kontua, bertakoa gehiago bultzatzea... eta funtsezkoa da jendea kontu ematea ez dela urrutira joan beharrik kalitatezko produktuak eskuratzeko, nahi badituzte eskura dituztela».