Arraioztarrak bikain ibili dira Nafarroako arpana txapelketa mistoan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 20a

Dani Saldias arraioztarra eta Irune Biurrun txapeldun, Xabier Urrutia arraioztarra eta Leire Arraztoa iruritarra txapeldun orde eta Ansorregi eta Kañamares hirugarren, Nafarroako arpana txapelketa mistoaren podiumean.

Daniel Saldias, Antsoaingo Irune Biurrunekin, txapeldun eta Xabier Urrutia, Iruritako Leire Arraztoaren txapeldun orde izan ziren txapelketa nagusian eta Julen eta Eider Urrutia anaia-arrebak txapeldun 21 urtez beheitikoan.

Nafarroako arpana txapelketa mistoaren finala jokatu zuten larunbatean Antsoainen, maila nagusian nahiz 21 urtez beheitikoan, eta bietan bikain ibili ziren Arraiozko arpanlariak. Txapelketa nagusian, Antsoaingo Irune Biurrun eta Arraiozko Daniel Saldias suertatu ziren txapeldun. Sei minutu eta 17 segundo behar izan zituzten 45 ontzako enborrari hamabortz epai egiteko. Bigarren izan ziren Iruritako Leire Arraztoa eta Arraiozko Xabier Urrutia (07.18). Mendaroko Uxue Ansorregi eta Arostegiko Julen Kañamares hirugarren izan ziren (07.24) eta Iruñeko Uxue Rodriguez eta Elkarteko Iosu Huarte laugarren (07.52)

Igantziko kanporaketak lehenak izan ziren Eltsoko Ainhoa Iraizoz eta Iraizozko Josetxo Barberena deskalifikatuak izan ziren. Barberena eta Iraizoz lehenak izan ziren finalean ere (6:04), baina epaileek deskalifikatu zituzten, trontzak neurriak betetzen ez zituela konturatu zirelako.

Arraiozko Julen eta Eider Urrutia anaia-arrebak suertatu dira txapeldun 21 urtez beheitiko kategorian.

21 urtez beheitiko txapelketan txapeldun suertatu ziren Arraiozko Julen Urrutia eta Eider Urrutia anaia-arrebak. Metroko enborrean hamar epai egiteko lau minutu eta 56 segundo aski izan zituzten. Nahiane Ijurko eta Izei Ijurko bigarren izan ziren (05.41), Maider Ruz eta Joritz Biurrun hirugarren (06.11), Enara Agirre eta Unai Fernandez laugaren (06.35), Elur Martiartu eta Urko Larunbe bosgarren (06.47) eta Irune Bikuña eta Haitz Mariezkurrena seigarren (10.48).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun