Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, bileraren helburua topagune iraunkor bat sortzeko oinarriak ezartzea da, «amek beren eguneroko erronkei lotutako esperientziak, kezkak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera» izan dezaten.
Bileran modu kolektiboan definituko dituzte etorkizuneko taldearen interesak, helburuak eta dinamikak. Izan ere, zaintzarako, entzuteko eta ahalduntze partekaturako gune bihurtu nahi dute taldea. «Amatasunek eskakizun sozial, emozional eta laboral konplexuei aurre egin behar dieten testuinguru batean, laguntza, ahizpatasun eta hausnarketa sareak sortzea funtsezko tresna da norbanakoaren eta komunitatearen ongizaterako».
Berdintasun zerbitzuak eta oinarrizko gizarte zerbitzuak bailarako eta inguruetako ama guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera: «AMArtean zikloan hasitako lanari jarraipena eman nahi dion proiektu komun bat martxan jartzen laguntzera deitu nahi ditugu, emakumeen arteko laguntza eta elkartasun loturak sendotuz».