Lekarozko Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileak berriz greba egin dute gaur. 70-75 langile dira gaur egun, eta ekainaren 1etik enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea indarrean izan dute. ELAk kontatu duenez, enpresak «urtea akitu arteko iraupena» izanen zuela adierazi zuen, «lan karga jaitsi zela argudiatuta». Baina joan den irailaren 30ean utzi zuten aldi batera, «eskaerei erantzuteko beharragatik».
Langileek eta langileen batzordeko kideek erran dutenez, «bi egunen buruan hiru lagun kaleratu zituzten. Heldu den urtera begira eskaerak jaitsi direla eta enpresak berrantolaketa behar duela izan da enpresak eman duen arrazoia». ELAren arabera, «jende ugariri bertze txanda batean birkokatzeko aukera eman badiete ere, hiru horiek aurreabisurik gabe kanpora bota dituzte». Enpresa batzordearen irudiko, «kaleratze horiek pertsona konkretu batzuen aurkako erasoa izan dira». Gehiago ere bai. «Enpresak heldu den urtean kaleratzeak izaten ahal direla erran du».
Hori guzia salatu nahi izan dute gaurko greba egunean. Kaleratzeak salatzearekin batera, kaleratze gehiago izaten badira «ez gara eskuak gurutzatuta geldituko», azpimarratu dute.
Joan den urtean 112 greba egun
Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileek joan den urtean egindako borroka ezaguna izan zen. ELA sindikatuak deituta, lan baldintzak hobetzeko eskatuz, 112 egun egin zituzten greban eta horrekin batera, manifestazioak eta elkarretaratzeak. Baldintzak hobetzeko akordioa sinatzea lortu zuten azkenean: «lanaldiaren 24 orduko murrizketa, KPItik goitiko igoerak, antzinatasunaren eta aldi baterako ezintasunaren osagarriaren hobekuntzak eta inaplikazio klausula». ELAk akordioaren balorazio positiboa egin zuen eta «langileek erakutsitako indarra eta elkartasuna» nabarmendu zituen; «mobilizazioak ezinbertzekoak izan dira hitzarmen propioa lortzeko».
ELAren arabera, «borroka luzearen ondotik, lasaitasun garaia ailegatu beharrean, badirudi langileei berriz ere berain lanpostuen defentsa egitea tokatuko zaie».