Babestutako edukia

«LEB programarekin abangoardia eszenikoa landa eremura hurbildu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 16a

Asier Andueza LEB Lengoaia Eszeniko Berrien programako zuzendaria.

Asier ANDUEZA, LEB programako zuzendaria.

LEB Lengoaia Eszeniko Berrien programak asteburuan Elizondon eginen du geldialdia. Ortziraletik igandera bitarte, hamabi ikuskizun izanen dira Elizondoko karriketan ikusgai, eta horrez gain, arte eszenikoetako pertsona ezagunekin solasaldiak eta mahai inguruak. Xehetasun gehiago Asier Anduezak eman dizkio TTIPI-TTAPAri.

2023ko abenduan Agoitzen egin zenuten lehenbiziko aldiz LEB Lengoaia Eszeniko Berrien jaialdia. Zer da zehazki LEB?

Normalean landa eremura ailegatzen ez diren antzezlanak eta bertze espresio eszeniko batzuk landa eremura hurbiltzeko helburua duen programa da. Lehenbiziko edizio hartan, bederatzi egunez, ekintza aunitz egin genituen: obrak programatu, foroak eta tailerrak egin... Arrakasta uste baino handiagoa izan zen: Espero genuen publikoaren hirukoitza hurbildu zen. Joan den urtean, ez genuen dirulaguntzarik lortu, eta ezin izan genuen osatu. Aurten, ordea, bai.

Aurtengo edizioa itxuraldatua bueltatu da. Jaialdi izatetik programa izatera pasatu da, eta denbora eta toki aldetik gehiago zabaldu duzue. Esplikatuko zenuke?

Bai, alde batetik, bederatzi egun beharrean, aurten bederatzi hilabete iraunen du, 2025eko uztailetik 2026ko maiatzera. Eta bertzetik, lehenbiziko edizioa Agoitzen bakarrik egin genuen, eta aurten Agoitzen eta Baztanen izanen da. Baina, lehen eta orain, izpiritua berdina da, abangoardiako ekintza eszenikoak landa eremuan jorratzea.

«Gure asmoa Elizondoko Iriartea baserria zaharberritu eta kultur zentro garrantzitsu bat bihurtzea da»

Zergatik Baztan?

Programa hau Iriartea Pilez elkarteak antolatua da eta Iriartea Pilez Elizondon garatu nahi dugun kultur proiektua da. Elizondoko Iriartea baserritik heldu zaio izena. Gure asmoa baserri hori zaharberritu eta kultur zentro garrantzitsu bat bihurtzea da, beti ere, arte eszenikoaren inguruan. Iriarte Pilez elkartearen lehenbiziko ekintza LEB da. Elizondon zentroa irekitzeak egitasmoa denboran luzatu eta Elizondon finkatzeko aukera emanen luke.

 
Ortziraletik igandera, arte eszenikoen inguruko proposamen ugari antolatu dituzue Elizondon....

Bai, hori da. LEB programak bortz lan ildo ditu: LEB Prod, LEB Intensif, LEB Lab, LEB Ekin eta LEB Zabal. Eta asteburu honetan, Elizondon izanen dena LEB Intensif izanen da. Elizondoko karriketan hamabi ikuskizun izanen dira, denak publikoarendako debalde: zirkua, dantza, antzerkia, perfomanceak... Klase aunitzetako ikuskizunak izanen dira.

Bertako herritarrek ere parte hartuko dute...

Bai. Baztan Ikastolako eta Elizondoko eskolako ikasleak, Hika antzerki taldearen ikuskizun batez gozatzeaz gain, ortzirale goizean, elkarrekin antzerki jolasetan ariko dira Merkatu Plazan. Horrez gain, aste honetan, Cadiztik etorri den Iosune Onraita antzerkigilearekin tailer moduko bat egiten ari dira 21 lagun. Astelehenetik ortziralera prestatutako antzerkia ortzirale arratsaldean Elizondoko plazan erakutsiko dute. Hortik aparte, Lekarozko institutuko ikasleek arte eszenikoen munduan ari diren gonbidatu bereziekin egoteko aukera izanen dute: Helena Pimenta, Cesar Barlo, Hodei Domingo, Carmen Larraz, Nieves Rodriguez, Yolanda Campos...

LEB Zabal topaketak ere Baztanen egitekoak dituzue asteburuan... Kontatu...

LEB Zabal topaketak arte eszenikoetako profesionalekin egindako topaketak dira, publikoari irekiak, eta hori larunbat eta igandean izanen da. Arte eszenikoen munduko pertsona garrantzitsuak elkartuko dira, guztira 22 gonbidatu, eta tartean, Espainiako sari nagusiak hartuak dituztenak: Ramon Barea 2014an Espainiako Antzerki Saria hartu zuena; Luz Arcas 2024an dantza saria hartu zuena; Alberto Conejero 2019an literatur dramatikoaren saria hartu zuena; Eusebio Calonge 2010ean antzerki saria hartutakoa, Helena Pimenta 1993an antzerki saria hartutakoa, Hodei Domingo joan den urtean magia saria hartu zuena... Gehiago ere bai: Carme Portaceli, Grego Navarro... Aunitz dute kontatzeko, eta hurbiltzen direnek gustura adituko dituzte haien kontuak.

LEB Ekin ere Baztanen garatzeko asmoa duzue...

Bai, ildo horri heldu den urte hasmentan ekinen diogu. Oraindik taularatu gabeak diren edo bukatu gabeak diren sormen lanak ezagutarazteko aukera ematen duen lan ildoa da. Sortzaileekin zuzeneko harremana izatea ahalbidetzen du. Kontua publikoaren eta sortzaileen arteko komunikazioa sortzea da, eta elkarrengandik ikastea. Koreografia bat partekatu nahi duen dantzari bat izaten ahal da, edo antzezlan bat leitu nahi duen idazlea, bertzelako performance bat probatu nahi duena... Halakoetarako aproposa da, eta parte hartu nahi duten artistek azaroaren 30era arteko epea izanen dute apuntatzeko.

«Antzokia behar izan dugunean Agoitzera joan gara eta karrika behar izan dugunean Elizondora»

Abangoardia eszenikoa landa ingurunera hurbiltzeaz aritu zara, eta kultura herritar ororen eskubidea dela ere aldarrikatu izan duzu. Hutsunea sumatzen duzu?

Bai, bai, eta Baztanen, adibidez, antzokirik ez izatea pena da. Hor dago Iruritakoa, baina xumea da, ez dago benetako instalaziorik. Hain zuzen, horregatik, Elizondon prestatu ditugun ikuskizun guziak kanpoan izanen dira, Baztanen ez dagoelako holako azpiegiturarik. Egonaldiak Agoitzen egin izanaren arrazoia ere hori da. Antzokia behar izan dugunean Agoitzera joan gara eta karrika behar izan dugunean Elizondora.

LEBek segida izanen du?

Hala nahi genuke. Jendea etortzen bada eta denak gustura gelditzen bagara, errazagoa izanen da dirulaguntzak lortu eta berriz egitea.

Zer mezu erranen zenieke herritarrei?

Hurbiltzeko, aunitz ikasi eta ikusiko dutela, eta gainera, arras ongi pasatuko dutela.

«Etorriko diren gonbidatuak arte eszenikoen munduan izen handikoak dira eta merezi du»

Zerbait gaineratuko zenuke?

Dena debalde dela, eta denendako eskuragarri dela. Hortaz, animatu ikuskizunak ikustera, baita mahai inguruetan eta solasaldietan parte hartzera ere. Etorriko diren gonbidatuak arte eszenikoen munduan izen handikoak dira eta merezi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun