Nafarroako Bertsolari Txapelketako saioa eginen dute larunbatean Iruritan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 16a

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen faseko hirugarren saioa jokatuko dute larunbatean Iruritako Gizarte Bilgunean. 17:00etan izanen da saioa. 

Sei bertsolari ariko dira kantuan larunbateko saioan: Amaia Elizagoien Varela baztandarra, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Altzuri lesakarra, Julen Zelaieta Iriarte beratarra, Patxi Castillo Graziarena beratarra eta Xabat Illarregi Marzol leitzarra. Saioa aurkezten Ainhoa Larretxea Agirre beratarra ariko da. 

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aitzinera, baldin eta aitzinetik Interneten agortzen ez badira.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren saioa izanen da Iruritakoa. Orain arteko saioak Eneko Lazkozek eta Julio Sotok irabazi dituzte, eta biek lortu dute finalaurrekoetara sailkatzeko txartela. 

Lehen faseko azken saioa Los Arcosen eginen dute urriaren 26an, eta orduan erabakiko da zein hemezortzi bertsolari sailkatuko diren finalaurrekoetara. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun