Baztango Talde Ekosoziala

Txirrindulariek errepidean autoekin izaten dituzten istripuak murrizteko «neurriak hartu behar dira»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 15a

Bizikleten erabilera sustatzeko hainbertze hitzordu antolatu izan ditu Baztango Talde Ekosozialak. Artxiboko irudia.

Txirrindulariek errepidean autoekin izaten dituzten istripuei buruz, gogoeta egin du Baztango Talde Ekosozialak, eta bidenabar, neurri batzuk proposatu ditu.

Joan den urriaren 5ean auto batek txirrindulari bat kolpatu zuen Zubietan. Eta gertakari hori dela eta, Baztango Talde Ekosozialak bide segurtasunari buruzko «kezka» agertu nahi izan du, «ez baita lehendabiziko aldia horrelako zerbait gertatzen dena». Datu bat ere eman du: «Nafarroan 140-150 bizikleta istripu gertatzen dira urtero, gehienak auto harrapaketak».

Honela gehitu du: «Alde batetik, argi dago inork ez duela halakorik nahita egiten, eta nahigabeturik uzten dituela, burumakur, zoritxarrez inplikatuak. Ez gara hor sartuko». Hori horrela, talde ekosozialaren irudiko, «gogoeta orokorra da hau, gertakari zehatzetik harago doana». Hasteko, «errepideetan kasu handiz ibili» behar azpimarratu du, «errepideetako seinale eta abiadura mugak errespetatuz. Txofer gehienak horretan saiatzen dira, bistan da, baina beti badago ezusterako tartea. Horregatik, beharrezkoa da ohartarazteko eta erne gidatzera behartzeko neurriak hartzea».

Ohartarazteko neurriak

Ohartarazteko neurriak «bide seinaleak» izaten ahal dira talde ekosozialaren hitzetan, «txirrindulariak aitzinatzerakoan, aldiro, 1,5 metroko tartea uzteko erraten dutenak. Edo bertzerik gabe, errepidean txirrindulariak ere ibiltzen direla dioten seinale handiak, zeinetan kasu eginez gidatzeko eskatzen ahal den». Horrelako bide seinaleak «erraz eta fite» paratzen ahal direla gehitu du.

«Erne gidatzera behartzeko neurriak»

Bertzetik, «autoa arretaz, mantsoago gidatzera behartzeko egiturazko neurriak» aipatu ditu Baztango Talde Ekosozialak: «Gehienetan erreia mehartzearekin zerikusia dutenak: chikaneak, isletak, abiadura mugatzeko bizkarrak… Horietako gehienak herriguneetan. Eta nola ez, bidegorri gisa ezagutzen diren azpiegiturak egitea edo horren baliokideak izan daitezkeen bertze batzuk bertzenaz». Horrekin lotuta, «abiadura murrizteko legezko neurriak» hartu ditu hizpide talde ekosozialak: «argiki, gure herrietako bide nagusiak 30 km/ordukoak izatea, eta ez 50 km/ordukoak, konparazione».

Horretaz gain, «azkeneko urteetan gero eta handiagoak diren ibilgailuak gero eta gehiago» direla aipatu du, «SUV gisa ezagutzen diren horiek gehienbat. Horiei pick-upak eta furgonetak gehitu behar zaizkie». Ibilgailuek horiek «aitzineko aldea goitirago» izanda, «txirrindulari bat jotzerakoan ondorioa handiagoa» dela azpimarratu du. Hori kontrolatzeko modua  «abiadura mugatzea» da talde ekosozialaren hitzetan. «Eta hain ibilgailu handiak ez egitea».

Akitzeko, txirrindularien segurtasuna bermatzeaz aritu da: «Azkeneko urteetan, zorionez, bizikletaren erabilera handitzen ari da, bai kirol gisa, baita eguneroko garraiobide gisa ere. Hori horrela, gure inguruak horretara moldatu behar ditugu, segurtasuna bermatuz garraiobide guztiz eraginkorra baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun