Bideak eta errepideak moldatzeko 378.000 euro inguru bideratuko ditu Baztango Udalak aurten

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 14a

Fernando Anbustegi Baztango alkateak jakinarazi duenez, asfaltatze lanak egiteko 199.386,76 euro (gehi BEZa) erabiliko ditu Baztango Udalak. Bideak konpontzeko inbertsioa, berriz, 178.736,93 eurokoa (gehi BEZa) izanen da.

Bideak asfaltatzen eta konpontzen hasia da Baztango Udala, eta Anbustegik esplikatu duenez, laster akituko dituzte. Denetara 378.123,69 euro (gehi BEZa) erabiliko dituzte: horietatik 199.386,76 euro (gehi BEZa) asfaltatze lanetarako eta 178.736,93 euro (gehi BEZa) konponketak egiteko. 

Asfaltatze lanak

Loteka banatuta egin dituzte asfaltatze lanak. Lehenbiziko lotean Arraiozko hilerria, Arraiozko Errandoneko borda, Beartzungo Zubia-Beartzun Bidea, Elbeteko ur biltegia, Iruritako ezkerraldea, Iturri Mendiola eta Zigako Haritzondoa eremuak sartu dituzte. Udalak Asfaltos y Construcciones del Baztan enpresari esleitu zizkion lanak, 89.178,50 eurotan (gehi BEZa).

Bigarren lotean Amorena-Urtxola-Lorebenta-Galtzagorri, Amaiurko barrakoiak, Marimotzeneko borda eta Matxinen bordako zatiak daude. Lan horiek Asfaltos de Biurrun enpresari esleitu zizkion udalak, 97.920,26 eurotan (gehi BEZa).

Azkenik, bide horiek asfaltatu aitzinetik egokitzeko lanak Arrixko igeltseritza SL enpresaren esku utzi zituen udalak, 12.288 eurotan (gehi BEZa).

Bideen konponketak

Beltxeneko bidea egokitzeko lana Construcciones A. Bengotxea SLri esleitu dio udalak, 36.552,92 eurotan (gehi BEZa).

Lezetako bidean egin beharreko lanak, berriz, Construcciones Arakan SLk eginen ditu, 34.651 eurotan (gehi BEZa).

Gartzaingo Ariztegin ere Construcciones A. Bengotxea SLk bide zati bat moldatuko du 37.598,20 euroren truke (gehi BEZa).

Amaiurren, Erdiko bidean, moldaketa lanak eginen ditu Construcciones A. Bengotxea SLk, 24.001,81 eurotan.

Azkenik, Amaiurren, Komaineko bordako bidea moldatzeko lanak Construcciones Arakan SLk eginen ditu, 45.969 euroren truke (gehi BEZa).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun