Oihan Aleman Azkarragak, 18 urteko gazte iruritarrak, mendia eta kirolak gustuko dituela aitortu du; mendian barna ibiltzea, neguan zehar eskiatzera joatea… Baina, batez ere, mendiko bizikletan ibiltzea zaletasun printzipal duela argi utzi du. Hola, mendiko txirrindularitza pasioa izanik, azken aldian, hemendik harat ibili da txapelketaz txapelketa lortutako emaitzekin etxerat «kontent» bueltatuz. Horren harira, gaur-gaurkoz txirrindularitza bere egunerokotasunaren zati handi bat kontsideratzen duela onartu du eta horren bueltan mintzatu da.
Zer dela eta hasi zinen txirrindularitza txapelketen munduan murgiltzen?
Bizikletan ibiltzea betidanik gustuko dut, ttiki-ttikitatik. Baina, 9 urte nituelarik murgildu nintzen bete-betean txirrindularitza munduan, txapelketetan parte hartzen hasiz. Garai hartan, banuen lagunen bat mendiko bizikleta txapelketetan ibiltzen zena, hortaz, probatzera animatu ninduen eta egun hartatik aitzinerat hasi nintzen bizikletan gehiago ibiltzen eta txapelketetan begirada jartzen.
Mendiko bizikletan ibiltzen zara, gehienbat…
Bai, txapelketetan, batez ere mendiko bizikletarekin ibiltzen naiz, baina, horrez gain, ziklo-krosa ere praktikatzen dut eta udan karreterakoarekin ere ibili naiz. Entrenatzeko orduan, hiru modalitateetan aritzen naiz, hala ere, mendikoa erdigunean jarri ohi dut. Azken hau baita gehien entretenitzen nauena. Izan ere, mendian barna jautsierekin ikaragarri disfrutatzen dut.
Txapelketen gibeletik prestakuntza handia dago. Hortaz, nolakoak dira entrenamenduak?
Denboraldiak exijitzen duenaren araberakoak izaten dira entrenamenduak, hau da, intentsitate altuagokoak edota intentsitate baxuagokoak. Gutti gora behera, lasterketak kontuan hartuta, astero 9 eta 11 ordu artean ematen ditut bizikleta gainean, hau da, astean 5 edota 6 egunez ibiltzen naiz. Entrenatzeko orduan, aurreikusitako serieak eta helburuak betetzen ahalegintzen naiz eta hortan jartzen dut arreta, baina, ongi pasatu eta disfrutatzeari ere bere lekua ematen diot ordu horiek guzietan.
«Ikaragarri disfrutatzen dut mendian barna jaitsierekin»
Txirrindulari gisa, Baztan bezalako ingurune menditsua lagungarri zaizula erranen zenuke?
Bai, alde horretatik zorte handia dudala kontsideratzen dut. Azken batean, bizi naizen ingurunea aski menditsua da eta horrek entrenatzeko eta baita disfrutatzeko aukera ematen dit.
Txapelketak, berriz, nola bizitzen dituzu gaur egun?
Hasiera batean, ongi pasatzearekin eta disfrutatzearekin aski nuen. Orain aldiz, geroz eta maila exijenteagoetako txapelketetan sartzean, bertzelakoetan zentratzen hasi naiz; entrenamenduen egokitasunean, elikaduran…. Gaur gaurkoz, iraganarekin konparatuta, erran dezaket ahalik eta hobekien errenditzea eta irabazten saiatzea ere lehentasun bilakatzen ari direla.
Azken aldian, Nafarroako zein Espainiako txapelketetan eta Txekian egindako Munduko Txapelketan ere ibili zara…
Bai, hala da. Ekainean Nafarroako XCO txapelketako junior mailan, podiumera igan nintzen lehenbizikoa geldituta. Ondotik, Espainiako XCO Kopa irabazi nuen junior mailan. Aurtengo denboralditik azken garaipen hori nabarmenduko nuke, ilusio handiz bizitu nuelako bere momentuan. Bertzalde, Txekian egin zen Munduko Txapelketan parte hartu nuenean, esperientzia ikaragarria bizi izanaren sentsazioarekin bueltatu nintzen etxerat, nahiz eta emaitza ez sobera onak lortu.
Txapelketarik baduzu orain?
Abuztuko hilabetea hilabete lasaia izan dugu, baina orain, ikasturte hasmentarekin batera, txapelketak martxan jarri dira, berriz ere. Irailaren 21ean, Open de Otoño txapelketa deritzona abiatu zen eta egun hartan Alfaron ibili nintzen. Urte bukaera arte arituko naiz berriki abiatutako txapelketa honetan eta baita ziklo krosean ere.
Etorkizun urrunago batera begira, aspiraziorik baduzu?
Heldu den urtean SUB 23 mailan sartuko naiz eta urte gogorra izanen da maila horretako exijentziara egokitu arte. Hala ere, ahal dudan guzia emanen dut.