Lozy’s enpresako langileek greba eginen dute heldu den ortzegunean

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 10a

Lozy'seko langileak joan den urtean, greba akitu zutenean.

Langileek TTIPI-TTAPAri jakinarazi diotenez, enpresak joan den irailaren 30ean alde batera utzi zuen ekainetik indarrean izan den enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea. «Bi egunen buruan hiru lagun kanpora igorri zituzten». Langile horiek bueltatzeko eskatzen dute.

Lekarozko Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileak berriz mobilizatzeko prest dira. 75 langile dira gaur egun, eta ekainaren 1etik enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea indarrean izan dute. Joan den irailaren 30ean utzi zuten aldi batera, eta langileek eta langileen batzordeko kideek erran dutenez, «bi egunen buruan hiru lagun kaleratu zituzten. Heldu den urtera begira eskaerak jaitsi direla eta enpresak berrantolaketa behar duela izan da enpresak eman duen arrazoia». Horrez gain, asteburuetako txandak kentzeko asmoa du enpresak: «Erabaki horrek zazpi langileri eraginen dio, baina horiei, bertzeei ez bezala, astelehenetik ortziralera lan egiteko aukera emanen die».

Hiru lankide kanporatzeak «langileen artean haserrea» sortu duela kontatu dute, «kaleratutako hiru lankideak langile finak ziren eta arras bidegabea da pasatu dena». Enpresa «beti izan duen jarrerarekin» ikusten dute, «jarrera inposatzailearekin». Langileek, ordea, «kanpora igorri dituzten lankideak bueltatzea» nahi dute eta hala aldarrikatuko dute heldu den ortzegunean, urriaren 16an, eginen duten greba egunean.

Joan den urtean 112 greba egun

Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileek joan den urtean egindako borroka ezaguna izan zen. ELA sindikatuak deituta, lan baldintzak hobetzeko eskatuz, 112 egun egin zituzten greban eta horrekin batera, manifestazioak eta elkarretaratzeak. Baldintzak hobetzeko akordioa sinatzea lortu zuten: «lanaldiaren 24 orduko murrizketa, KPItik goitiko igoerak, antzinatasunaren eta aldi baterako ezintasunaren osagarriaren hobekuntzak eta inaplikazio klausula». ELAk akordioaren balorazio positiboa egin zuen eta «langileek erakutsitako indarra eta elkartasuna» nabarmendu zituen; «mobilizazioak ezinbertzekoak izan dira hitzarmen propioa lortzeko».

Langileek salatu dutenez, «grebaren ondorioz, eskaerak jaitsi zirela erranez, enpresa hasieratik negarrez ibili da. Ondorioz, orain arte langileok ordaindu ditugu enpresak dirua aurrezteko hartutako neurriak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun