«Osasun sistema publiko duina» eskatuz, atzo berriz karrikara atera ziren baztandarrak, eta elkarretaratzea egin zuten. Hala ere, osasun sistemaren egoerari erreparatu aitzinetik, Palestinako egoera gogoan izan zuten. «Su etenerako negoziazioak bolo-bolo dabiltzanean, genozidioak ez du etenik», salatu zuten. «Sarraskiaren ondorioak sufritzen ari direnei elkartasuna» adierazi zieten, baita urriaren 15ean, 19:00etan egitekoa den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin ere.
Osasun sistemari dagokionez, Elizondoko kontsultategian «iragarpenak txarrak eta kezkak» bete direla kontatu zuten: «Hiru medikuetatik bat joan egin da, nonbait bertze kontratu bat lortu duelako. Beraz, gabeziak larritu bertzerik ez dira egin». Gaur-gaurkoz egoera hau da: «Jardunaldi murriztuko plaza finkoa betea da, bertze plaza bat kontratu mugatuarekin, eta hirugarren plaza hutsik dago». Gehiago ere bai: «Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdi mailan, jardunaldi erdiko pediatriako lanpostu bat hutsik dago». Hutsune horietaz gainera, «familia mediku gisa aritzeko espezialitatea eta euskaraz artatzeko gaitasuna ez dira kontuan hartzen».
Egoera ikusita, «aunitzek zerbitzu pribatuetara» jo dutela esplikatu zuten, «itxaron zerrendan egotea denbora mugagabean luzatzen delako». Horren harira, «itxaron zerrendakoei nolabaiteko soluzioa emateko, Osasunbideak ez duela inolako neurririk hartzen» kritikatu zuten. Ondorioz, «pribatuetara bideratzeko joerak bere horretan segitzen du». Plataformak, ordea, «zerbitzu publiko duina» exijitu zuten.
«Bertze osasun lege bat» ere eskatu zuten atzoko agerraldian, eta gobernuari erreferentzia eginez, «iduri du ostrukaren joera hartu duela» aipatu zuten: «denbora pasatzen utzi, hemen gauzak normal bailiran».
Azaroan mahai inguru bat antolatzeko asmoa du Baztango Osasun Plataformak, atzo iragarri zutenez, «Nafarroako Osasun Lege berriaren xehetasunak azaltzeko eta zer egin ahal den eztabaidatzeko»